2013/10/17

Cancuneko Miguel

Behin Kubako jira amaituta Cancunera bueltatu ta hiru egun hartu ditugu. Baina ez hondartzetara joateko presezki. Bi lan genituen egiteko batez ere eta horretan zentratu gara. Geure albergetik gehienez kilometro bateko distantziara urrundu gara. Cancunen egon gara baina ez jendeak entzuten duen Cancunen. Bi Cancun daudelako Cancunen: Cancun Playa (telebistan ta bidai agentzietan erakusten digutena) ta Cancun Pueblo (hau ez da agertzen inoiz). Fisikoki aparte daude eta gu bigarrenean izan gara.


Beraz, Kuban hainbeste arazo eman duen Pelloren bizikleta ondo jartzen eta bloga txukuntzen egon gara. Baita kubatar batzuei agindutako argazkiak eta gutunak bidaltzen.
Baina batez ere Mexikoko erealitate sozio-politiko-espiritualaz jantzi gara edo jantzi gaitu Miguelek.
Berak, sei hilabete darama egon garen albergearen arduradun bezala. Tipo hiztuna eta jatorra aldiberean. Berezia ere. Mexiko ederki ezagutzen du, bertako toki ezberdin askotan bizi izan delako denboraldi luzeetan: Michoacanen jaiotakoa, Guadalajaran, Jalisco, Oaxaca, Guerrero, Ciudad Juarezen... ere bizi izan da. Gaur egun 50 urte ditu eta jaiotzez elbarria denez,bi makuluen laguntzaz ibiltzen da. Elbarrien elkarte baten partaide eta bultzatzaile sutsua. Cancunera etorri da hiri honetan ere elkartea sortzera eta hori lortutakoan beste hirietara mugituko dela dio.
Bere bizitzako pasarte askoren bitartez narkotrafikoaren eta biolentziaren arazoaren tamaina zein den azaldu digu. Ondo ezagutzen du errealitate hau gertutik bizi izan duelako eta behin baino gehiagotan bizitokiz aldatu behar izan du narkoen sareetan ez erortzeko. Alkoholismoaren miseria ere ezagutu izan du,  gehiago zeharka zuzenean baino. Berak laister utzi baitzuen alkohola bere eragin negatiboa frogatu bezain azkar. Bi alditan zuen lana utzi du errudun edo konplize sentitzen zelako alkohola  saltzen zuelako (restaurante eta taberna b
"Ni ez naiz pertsona erlijiosoa baina bai espirituala, Jaungoikoarekin hitzegiteko ez dugu inongo erlijioaren beharrik, norberak izan behar du gai eta arduradun bere buruarekin pakean egoteko eta zentzuz jokatzeko. Ikusten duzu nola dagoen mundua gaur egun, nik momentu honetan elbarriei lagundu nahi diet, haur elbarriei batez ere,nire esperientziaren eskamentutik hori eman dezaket.
Txikitatik, lehen hezkuntzan nengoenetik, nire burua babestu behar izan dut, ez nion inori uzten nitaz trufatzerik. Gehienetan burua erabili izan dut baina makulua erabili behar izan dudanetan ez dut zalantzarik izan. Behin klaseko gixajoenari eman nion buruan nitaz trufatu egin zelako. Gizajoa! Ez ziren gaur dauden makuluen antzekoak, egur gogorrez eginikoak ziren. Gero lagunak egin ginen, baina nik banekien nire burua defendatu ezean galduta nengoela.
Bigarren Hezkuntzan taldeak sortzen dira, liderrak egoten dira talde horietan eta nahitaez horietako baten babesa behar dute denek. Nik, noski, ez nuen hori gogoko baina ikasi nahi nuen eta nabarmendu gabe ikasketak bukatu. Talde bateko kide omen nintzen baina ahal nuen gutxien ibiltzen nintzen haiekin, aitzaki ugari asmatzen nituen hori ekiditeko.
Behin eskolako zuzendariak deitu ta harrituta utzi ninduen. Taldea utzi behar nuela esan zidan, bestela ez nituela ikasketak gaindituko. Gainera,  taldeko liderra nintzela esan zidan eta gero eta zailagoa egingo zitzaidala hortik ihestea. Adin hauetan gainera oso larriak diren gauzetaz ari gara hizketan: drogaz, emakumeekiko biolentziaz,ikasketak albo batera uzteaz.. ez genuen inork titulua lortu eta gainera herria utzi behar izan nuen 'nire" taldekoak prestatzen ari ziren neska baten bortxaketa saihestu nuelako.
Horrela sortzen dira narkofamiliak eta liderrak. Hauek auzo osoak kontrolatu eta bertakoen babesa lortzen dute, sarien eta beldurraren bitartez. Mexikon korrupzioaren maila izugarria da adminitrazio eta estatu aparatu guztietan. Noizean behin publizitate kanpainak egiten dituzte narko ezagun batzuen atxiloketen bitartez,baina hauekin tratua eginda izaten da gehienetan. Kanpaina egin eta handik hilabete gutxietara  kalean dira berriro.
Politikoak, polizia...gehienak daude narkoekin nahastuta. Eta beraien gainetik dena kontrolatu eta agintzen duena badakigu zein den: Ameriketako Estatu Batuak. Bere lurraldean droga ekoiztu gabe etekin handiena beraiek ateratzen dute. Beraiek pilatzen dute Ertamerikan eta Hegoamerikan ekoizten dena gero munduan zehar saldu eta banatzeko. Kamiokadak pasatzen dituzte Mexiko eta AEBko muga inolako arazorik gabe, Chicagoraino gehienak. Armamentua (Gerrak sortuz) eta droga salmenta dira AEBko ekonomiaren bi oinarri nagusienak"
Bere bizitzako pasarte asko kontatu zizkigun:
"Ciudad Juarezen bizi nintzenean biolentzia maila izugarria zen. Hallowei gauean ohitura izaten da Panpinak zubietatik zintzilikatzea. Behin, egun horren biharamunean, goizean goiz kotxez lanera nindoala zubi batean ikusi nituen urrutitik, baina gerturatzean eta bertatik bertara begiratzean harri eta zur geratu nintzen, zazpi hilotz zeuden zintzilikatuta eta inor ez zen geratzen. Ordu luzetan egon ziren han."
Mayen inguruan ere hitzegin zigun. Baztertuenak izaten jarraitzen dutela dio: "ikusten duzu zer egiten ari diren, balio turistiko edo mineralak dituzten lurraldeetatik botatzen dituzte, miseria baten truke. Nire aitona ez zen maya baina zeuzkan lurretan balio arkeologikoa zuten hondakin batzuk azaldu ziren eta gobernuak lurrak kendu zizkion eta hirian pisu bat eman zioten ordainez, miserableak!
Ez naiz sekula Chichen Itza-ra edo antzeko tokietara joan, niretzat profanazioa eta lapurretaren sinboloak baitira. Antolaketa eta borroka dira irtenbide bakarrak egoera hauei aurre egiteko, eta optimisteegia ez naizen arren, mayak zenbait tokitan horretan saiatzen ari direla onartu behar da eta poztekoa da."
Hauexek dira Miguelek beste batzuren artean kontatu dizkigunak solasean egon garen orduetan. Mexicon barneratu aurretiko kontu interesgarriak zalantzarik gabe.

*Argazkiak internetetik hartu ditugu

2 iruzkin:

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Inbidia pixka bat ematen du bai, jende umila, kultura... ezagutzeak. Auzitegi Nazionalaren kulturarekin alderatuta hobea izango da seguru. Hemen espiritualtasun gutxi ta mamu asko. Barregarria ere izango litzateke batzutan, atzean dagoena hain larria ez balitz. Humilantea epaiMayen jarrera, harro egoteko modukoa euskalmayena.

Madrilen jende ona ere badagoela ikusi ahal izan degu, ordea. Vallecasen, Lavapiesen... Langile jendea. Leku guztietan bezala. Bi Cancun, bi Madril, bi Zarautz...
Jendeak egiten omen du lekua leku.

Hurrenarte!

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Ehuneko ehunean ados.
Gaur batek galdetu digu:
- A donde vais?
Ta guk
- Lejos.
Berak:

- Si, pero siempre es el mismo lugar:

Honekin ere nahiko ados.