2013/10/30

Zapatistekin aurrez-aurre


A ze aldaketa! Zero metrotik bi milara, lautadatik mendietara, erretzen duen eguzkitik mela-mela uzten zaituen eurietara... Paisaiak harritu gaitu, eta errepideak nekatu. Hemen, bizikleta gainean kilometroak bikoizten dira gutxienez, eta nekea ere. Baina merezi du, zalantzarik gabe.


Gure lehenengo egunak Chiapasen ezusteko galanta ekarri digu. Palenquera gindoazela bidegurutze batean gelditu eta hara non zapatisten lehenengo "kartela" ikusten dugun (argazkikoa). Izan ere, hamalau kilometrora Roberto Barrios herria aurkitzen da, EZLNren V. Karakol edo eremuaren gunea. MAREZ-ak (Herri autonomo errebelde zapatistak) 5 eskualde edo eremuetan antolatzen dira eta bakoitzak du bere erdigune administratiboa.

Bidegurutzean gaudela, mikrobus gidari batek esaten digu herri horretan ur-jauzi ederrak daudela eta bisita bat merezi dutela. Goiz da oraindik eta Marez bat ezagutzea interesgarria gerta daitekela pentsatuta, bertarako bidea hartzen dugu.

Kostata, baina iristen gara (a ze aldapak, nahiz eta gehiena beherantz izan. Honek arazotxo bat dakar berarekin: ordua kontrolatu beharra, izan ere bueltarakoan gehiago tardatuko dugu mendia igotzen ta Palenqueraino iristen gaua pasatzeko. Gainera orain, ordu aldaketarekin arratsaldeko 5:30etan iluntzen hasten du. Beraz, ahal izanez gero, Roberto Barriosen gaua pasatzeko intentzioarekin goaz.   

Zapatisten kanpamendua, herriaren sarreran bertan topatzen da. Hau hesituta dago eta instalazio ezberdinak muralez apainduta daude (emakume errebeldeen artesania tailerra, kanpotik datorren 'compa'-rentzat lotarako lekua, "Junta del Buen Gobierno"... Sarreran zaindari bat dago eta ez da beste inolako mugimendurik nabaritzen. Muralei argazkiak ateratzeko baimena eskatzen diogu ba, eta bulegoan galdetu edo kontsultatu  ondoren ezetzarekin dator. Beste pare bat galdera egiten dizkiogu, baina hitz gutxirekin erantzuten digu. 

Aurrera egin eta herrian barneratzen gara, gaua pasatzeko lekuren baten bila. Baina hemen ere ezezko moduko bat, arratsaldeko bostetarako atera behar garela. 28 kilometro alperrik ez genituen egin nahi (14 etorri, 14 joan) eta ur-jauzia ikustera joaten gara. Gure harridurarako, sarrera kobratzen digute. Berehala konturatzen gara hau ezin dela herri autonomo bat izan. Orain arte ezagututako herriekin ez du inongo berezitasunik. Dendak Coca Colako publizidadearekin, jendea etxeetan telebista ikusten...


 Bueltarakoan, enkargutxo bat dugula  gogoratzen dugu. Abuztuan zapatistek argitaratutako formakuntza liburuxkak eskuratzearena (eskuelitakoak) ta berriz abiatzen gara lehengo zaindariarengana. Honek "zainketa bulegoa" dioen gelara sartzeko esaten digu. Bertara sartu eta gure datuak zein pasaporteak eskatzen dizkigu kaputxadun zapatista batek. Kanpoan itxoiteko  eskatzen digu segidan, ta halaxe egiten dugu. Hamar bat minutu beranduago, ateko zaindariak "Junta del Buen Gobierno" dioen gela seinalatzen digu ta barrura goaz. A ze ezustekoa, bihotzak buelta osoa ematen digu. Mahai bat dago gela ilun baten erdian  ta mahaiaren atzean sei zapatista kaputxa beltzekin, bost gizonezko ta emakume bat, guri begirada gainetik kendu gabe, serio-serio. Mahaiaren aurrean, bi aulki. Esertzeko keinua egiten digute. Eseri ta bozeramaileak zertara gatozen galdetuta guk geneukan plana kontatzen diegu, hau da, ea posible litzateken udalerri autonomo errebelde batean denboraldi bat pasatzea, beraien mugimendua barrutik ezagutzeko. Hizketan egin ondoren, gaur egungo egoera dela eta ezinezkoa dela adierazten digute paramilitarren ariskuagatik gure babesa ziurtatu behar baitute. Aukera bakarra, urtarrilaren hasieran, bigarren aldiz antolatuko den "Escuelita de la Libertad"-en parte hartzea izango litzateke.

Egunaren hasieran ez genuen imaginatuko horrela bukatuko genuela, dena inprobisatuta atera zen. Nahiz eta gure eskaera guztiei ezetz erantzun, guretzat ohore bat izan da beraiekin erduerditxo hori konpartitzea. Ez dakigu eskuelitara joango garen edo ez, bi hilabete falta baitira eta ez gera etorri geldirik egoteko. San Cristobalen ondo pentsatu behar dugu baina ez badugu plan hoberik, aurrera jarraituko dugu gure bidaiarekin. 
JARRAITU IRAKURTZEN...

2013/10/27

Andale

Mexikon sartu orduko konturatzen zara Kuba irla bat dela, hitzez hitz esanda, alegia, itsasoko urez eta politikaren ozeanoz inguratuta dagoela alde guztietatik. Bestela bi lurralde hauek hain gertu egonda bertako gizartea ez zen hain desberdina izango. Eta desberdina da arlo askotan, jendearen itxura fisikoan, hizkeran, janarietan...
Mexikarrek badute gaztelaniaz hitz egiteko modu berezi eta propio bat, gure artean nahiko ezaguna dena, azentua, hiztegia, esamoldeak.
Guri adibidez egiten diguten lehen galdera "¿andan paseando?" izaten da.  Si, en bicicleta.
¿Y de donde quitaron? De Cancun. 
¿Y de donde vienen? De Europa.
Eta hemen askok eta askok: 
¿Y desde Europa en bici?, pues si que es lejos, edo Y ¿eso donde queda?

Kuban ez bezela, hemen gehienetan gu hasten gara beraiekin hizketan, hau edo bestea non dagoen galdetzeko. Kuriosidadia sortarazten dugu baina normalean inor ez da guregana erraz hurbiltzen. Orain arte denek oso jator eta laguntzeko borondate handiarekin erantzuten digute. Oso lasai ibiltzen gara hemen.
Gure oinarrizko alimentua: Tortillita
Bestalde, herri guztietan esaten digute "aca esta todo muy tranquilo" pero anden con cuidado por alla. Emakume batek esan zigun, Dios mio, por esas carreteras aisladas, les pueden atracar, como se atreven? Vayan con Dios, yo tambien rezare para que no les pase nada. Beldurra barruraino sartzea lortu dutela dirudi, baina aipatzen dutena guk inon ez dugu ikusi. Alderantziz esango genuke, jende jatorra eta herrixketan bizitza komunitarioa oso bizia da aurkitzen duguna. 
Guri, momentuz, egonezin edo alerta egoera pizten diguten bakarrak polizia desberdinak dira. Jarreretan, keinuetan, armak agerian eramateko ohitura horretan, arriskua hortxe dagoela nabaritzen dugu. Kasu hauetan zentzu guztiak adi jartzen ditugu eta dena oso ondo neurtuta egiten dugu. Momentuz bi aldiz bakarrik etorri  dira gugana identifikazioa eskatzera. Eta hauek ere, de donde vienen y adonde van. Hitz gutxirekin erantzun eta aio.
Izan dira gure bidaiaren berri eman eta zeharo emozionatu diren bi emakume ere. Yo si no tuviera el hijo tan pequeño tambien haria este viaje. Que padre, que padre!  zioen besteak begiak ireki-irekiak zituela.
Guztien azken hitza bera izaten da  toki guztietan.Guk muchas gracias esan eta beraiek: "andale" edo "orale".

Horrela joan dira bi aste hauek Quintana Roo, Yucatan, Campeche eta Tabasco estatuetatik. Orain Chiapasen murgilduko gara, diotenez Mexikoko estaturik pobreenetarikoa, nahiz eta errekurtso natural ta energetiko handienetarikoak izan. Betikoa, beste batzuek aberastasuna eraman eta miseria zabaldu bertakoei. Yucatan penintsularen lautada handi hau atzean utzi eta begi bistan ditugu gure aurrean Chiapaseko lehenengo mendi kateak. Zer aurkituko ote dugu bailara horietan?


Andale, pues!
JARRAITU IRAKURTZEN...

2013/10/23

Bideko lagunak

Bidaian zehar jende asko ezagutzen ari gara, baina momentuz gu bezelako ero gutxi. Momentuz, bat: Voitek.

Voitek Iranen
Kubako bidaia bukatuta, Cancuneko aireportuan bizikletak montatzen ari ginela, hara non azaltzen den beste ziklobidaiari bat. Gure ondoan jarri ta bera ere bere montaketa lanean hasten da. Gu Habanatik eta bera Poloniatik. Tarteka ingelesez hitz gutxi batzuk partekatu genituen (nongoak ginen, nora gindoazen...) baina bakoitzak bere bidea hartu zuen.

Hamabost egun beranduago, herri txiki batean gaudela, kasualitatez elkar topatzen dugu. Bide ezberdinetatik etorri garen arren, gure bideek bat egin dute. Pozez, guk gaua pasa behar genuen txabolara gonbidatu genuen. Afaria konpartitzeaz gain, bata bestearen esperientziak ere elkarbanatu genituen. Postrerako, bere gitarratxoa atera ta bospasei abesti entzuteko aukera izan genuen; polonieraz zein errusieraz.
Fisika eta matematika ikasketak amaitu berri ditu berak, eta orain denbora hartu du hausnarketarako, bizitzan zer nahi duen erabakitzeko asmoz. Momentuz, ez du Poloniara itzultzeko datarik jarri. Ertamerika eta Hegoamerika ezagutu nahi ditu.

Lehen ere, bidaiatutako mutila da (Kirghiztan, Iran, Bielorrusia...) autoestop eginez. Hemen duzue bere bloga: http://fizyk-w-podrozy.blogspot.com  Goiko partean itzultzailea duzue polonieratik euskarara pasatzeko.

Nork daki berriz elkartuko garen errepidean edo mahai inguruan, seguru baietz. Norabide bera daramagu --> Hegoaldea.

JARRAITU IRAKURTZEN...

k’áan


Bidaia prestatzerakoan denboraldi luze honetarako, demagun 10 edo 11 hilabeterako, gure oinarrizko galderak hauek ziren: ze erropa eraman, nola elikatu eta non ta nola lo egin. Bagenekien hilabete horietatik erdiak gutxienez klima tropikaleko lurraldeetan ibiliko ginela, beraz horretara moldatu behar genituen erantzunak. Guzti hau, bizikletaz mugituz eta ahalik eta era ekonomikoan egiteko baldintzapean.

Hirugarren galdera hartuta, hau da, gauena nola moldatu, bi gauza ekarri ditugu etxetik, maindire-sakua eta kanping denda txiki bat. Orain arte oso gutxitan erabili ditugunak zeren Kubako hilabetea logelak alokatuz pasa dugu. Hau horrela izan da teorian Kuban ezin delako inon "karpa" jarri. Dena den alokairuko logelak merkeak dira (7 - 15 euro artean topatzea ez da zaila) eta gaitzerdi.




Mexikora salto egiterakoan logelen prezioak pixkabat garestitu zaizkigu (12 - 20 tartean mugitzen ari gara) eta hasiak gara pentsatzen nola aurreztu dezakegun arlo honetan. Hemen, Kuban ez bezala, merkeagoa da herrixketan lo egitea herri handietan edo hirietan baino. Baina arazo txiki bat dago, herrixka hauetan normalean ez dute oherik, denek hamaketan lo egiten dute. Lehenengo aldian utzi zizkiguten bi, baina hurrengoan ezin herrixka batean gaua pasatu hamakak ez genituelako eta aurrera egin genuen hostala aurkitu arte. Hor hasi ginen pentsatzen hobe zela gure "ohea" gainean eramatea.

Beraz informatzen hasi ginen hamakei buruz eta ohe konbentzionaletan bezala bariedade handia dago hemen ere. Tamaina indibiduala, "matrimoniokoak", eta familiarrak ere (3 eta 4 pertsona kabitzen direnak). Kalitate desberdinekoak ere badira hamaka egiteko erabiltzen den hari kopuruaren arabera, eta koloretan ere aukera handia dago.

Gu, bakoitzak berea erosi dugu. Bizikletan eramateko oso egokiak, lozaku normal batek baina gutxiago okupatzen dute eta arinak dira gainera, hariz eginda daudelako. Esan behar da bertakoak erabiltzen dituzten hamaka arruntenak ez direla batere garestiak, guk 15 eurotan erosi ditugu eta oso erosoak dira. Klima honetarako oheak baino askoz ere funtzionalagoak ere badira,tokiz alda daitezke (etxe atarian, barruan...) egunez bildu eta etxerako espazioa irabazi, gainean erraz eramaten dira...
Erabiltzen ere hasiak gara eta benetan, lo goxo egiten da bertan.
JARRAITU IRAKURTZEN...

2013/10/17

Mayen lurraldetatik barrena

Bada bidaian asko erabiltzen dugun gauza bat, lurralde bakoitzero aldatzen duguna eta bere laguntza ezinbestekoa zaiguna.  Denbora pasatzen dugu  berari begira: Mapa.

Cancunetik atera ginenean, Merida zen buruan geneukan hurren helmuga. Baina mapa ireki eta bertara iritsi baino lehen karretera feredaletik ateratzen ziren bidexkek kuriositatea pizten ziguten. Bide horiek jarraituta, Mayaz idatzitako hainbat herri txiki ezagutzeko aukera geneukan.
Gure instintoari kasu eginez, karretera federala atzean utzi genuen, ta a ze lasaitua, trafikoa ere atzean gelditu baitzen.  Orain, kotxeen zaratarekin pedaleatu beharrean, txorien kantuek alaitzen zuten gure belarria ta tximeletak genituen bidelagun.


Bideak, guanoz eta egurrez eginiko etxeetara eraman gintuen. Bazkaltzeko ordua iritsi zitzaigunez,  Popola herriko ixkina batean eseri ginen zerbait jatera. Berehala genituen herriko umeak gure inguruan. Kuriositatea zuten nor ginen jakiteko baina erdi lotsatuta zeuden, guri begira eta parre txiki bat ezpainetan. Oso inpresio ona eman digute maiek. Herri batetik pasatzean, denek egiten digute agur eskuarekin, irriparrea ahoan. Jende umila da. Pixkanaka, gure artean elkarrizketa piztu ta azkenean beraien herria erakutsi ziguten; eliza, cenotea, maiek eraikitako tenplu moduko bat…

Hurrengo herriko ongietorria ere ez zen gutxiagorako izan. Iritsi ta berehala, Rigobertok, 18 urteko mutilak, arratsalderako plana lotu zigun. Lehendabizi, herritik gertu zeuden ruina maiak ikustera joan ginen. Berak, bertan egiten du lana beste hainbat herriko gizonekin. Hau, estatuak emandako lan tenporala da. Sei astez, ruina inguruan dagoen begetazioa moztu behar dute matxetearekin, lekua txukuntzeko. Bestalde, Yaxunah herria milpatik (bertan landatzen dute gero tortillak egiteko erabiltzen duten artoa, frijolak, kalabazak…) eta ehizetik bizi da.

Ondoren, herrira itzuli ginen eta bertako cenotean bainu eder bat hartu genuen. Benetan leku bereziak dira hauek. Maien arabera, lur-azpiko putzu hauek, inframunduarekin lotura zuten. Rigobertok ez daki igerian baina gure laguntzarekin alde batetik bestera mugitzen gara. Hizketan aritzen gara ta gure harridurarako, bera iada ezkonduta dagoela eta hiru hilabeteetako umetxo bat daukala esaten digu.

Bainu freskagarriaren ondoren, herriko zentro komunitario kulturala erakusten digu. Bertan, hainbat ekintza antolatzen dituzte; antzerkia (beste herritan antzezten dutena), zankoak, naturarekin lotutako gaiak… Deigarria egin zaiguna maien joku bitxia da. Pelotarekin paseka ibiltzen dira, baina gerriarekin eman behar zaio soilik. Zentro kulturalaren kanpoko murala ere oso polita da. 




Gauean, bere familiarekin afaltzen dugu. Aitonatik hasita, guztiak musikariak dira. Afaltzen ari ginela aitak tronpeta jo zigun, bere alabaren ahotsaren laguntzarekin, baita ondoren Rigobertok ere.
Lotarako ere arazorik ez, bi hamaka utzi zizkiguten. Hemen mundu guztiak horrela egiten du lo.

Ikusten duzuen moduan, asmatu dugu bide hauetatik etortzen.  Hemen daude benetako herri maiak eta ez turistentzat prestatuta dauden  lekuetan,  Chichén Itzáren moduan. 
JARRAITU IRAKURTZEN...

Cancuneko Miguel

Behin Kubako jira amaituta Cancunera bueltatu ta hiru egun hartu ditugu. Baina ez hondartzetara joateko presezki. Bi lan genituen egiteko batez ere eta horretan zentratu gara. Geure albergetik gehienez kilometro bateko distantziara urrundu gara. Cancunen egon gara baina ez jendeak entzuten duen Cancunen. Bi Cancun daudelako Cancunen: Cancun Playa (telebistan ta bidai agentzietan erakusten digutena) ta Cancun Pueblo (hau ez da agertzen inoiz). Fisikoki aparte daude eta gu bigarrenean izan gara.


Beraz, Kuban hainbeste arazo eman duen Pelloren bizikleta ondo jartzen eta bloga txukuntzen egon gara. Baita kubatar batzuei agindutako argazkiak eta gutunak bidaltzen.
Baina batez ere Mexikoko erealitate sozio-politiko-espiritualaz jantzi gara edo jantzi gaitu Miguelek.
Berak, sei hilabete darama egon garen albergearen arduradun bezala. Tipo hiztuna eta jatorra aldiberean. Berezia ere. Mexiko ederki ezagutzen du, bertako toki ezberdin askotan bizi izan delako denboraldi luzeetan: Michoacanen jaiotakoa, Guadalajaran, Jalisco, Oaxaca, Guerrero, Ciudad Juarezen... ere bizi izan da. Gaur egun 50 urte ditu eta jaiotzez elbarria denez,bi makuluen laguntzaz ibiltzen da. Elbarrien elkarte baten partaide eta bultzatzaile sutsua. Cancunera etorri da hiri honetan ere elkartea sortzera eta hori lortutakoan beste hirietara mugituko dela dio.
Bere bizitzako pasarte askoren bitartez narkotrafikoaren eta biolentziaren arazoaren tamaina zein den azaldu digu. Ondo ezagutzen du errealitate hau gertutik bizi izan duelako eta behin baino gehiagotan bizitokiz aldatu behar izan du narkoen sareetan ez erortzeko. Alkoholismoaren miseria ere ezagutu izan du,  gehiago zeharka zuzenean baino. Berak laister utzi baitzuen alkohola bere eragin negatiboa frogatu bezain azkar. Bi alditan zuen lana utzi du errudun edo konplize sentitzen zelako alkohola  saltzen zuelako (restaurante eta taberna b
"Ni ez naiz pertsona erlijiosoa baina bai espirituala, Jaungoikoarekin hitzegiteko ez dugu inongo erlijioaren beharrik, norberak izan behar du gai eta arduradun bere buruarekin pakean egoteko eta zentzuz jokatzeko. Ikusten duzu nola dagoen mundua gaur egun, nik momentu honetan elbarriei lagundu nahi diet, haur elbarriei batez ere,nire esperientziaren eskamentutik hori eman dezaket.
Txikitatik, lehen hezkuntzan nengoenetik, nire burua babestu behar izan dut, ez nion inori uzten nitaz trufatzerik. Gehienetan burua erabili izan dut baina makulua erabili behar izan dudanetan ez dut zalantzarik izan. Behin klaseko gixajoenari eman nion buruan nitaz trufatu egin zelako. Gizajoa! Ez ziren gaur dauden makuluen antzekoak, egur gogorrez eginikoak ziren. Gero lagunak egin ginen, baina nik banekien nire burua defendatu ezean galduta nengoela.
Bigarren Hezkuntzan taldeak sortzen dira, liderrak egoten dira talde horietan eta nahitaez horietako baten babesa behar dute denek. Nik, noski, ez nuen hori gogoko baina ikasi nahi nuen eta nabarmendu gabe ikasketak bukatu. Talde bateko kide omen nintzen baina ahal nuen gutxien ibiltzen nintzen haiekin, aitzaki ugari asmatzen nituen hori ekiditeko.
Behin eskolako zuzendariak deitu ta harrituta utzi ninduen. Taldea utzi behar nuela esan zidan, bestela ez nituela ikasketak gaindituko. Gainera,  taldeko liderra nintzela esan zidan eta gero eta zailagoa egingo zitzaidala hortik ihestea. Adin hauetan gainera oso larriak diren gauzetaz ari gara hizketan: drogaz, emakumeekiko biolentziaz,ikasketak albo batera uzteaz.. ez genuen inork titulua lortu eta gainera herria utzi behar izan nuen 'nire" taldekoak prestatzen ari ziren neska baten bortxaketa saihestu nuelako.
Horrela sortzen dira narkofamiliak eta liderrak. Hauek auzo osoak kontrolatu eta bertakoen babesa lortzen dute, sarien eta beldurraren bitartez. Mexikon korrupzioaren maila izugarria da adminitrazio eta estatu aparatu guztietan. Noizean behin publizitate kanpainak egiten dituzte narko ezagun batzuen atxiloketen bitartez,baina hauekin tratua eginda izaten da gehienetan. Kanpaina egin eta handik hilabete gutxietara  kalean dira berriro.
Politikoak, polizia...gehienak daude narkoekin nahastuta. Eta beraien gainetik dena kontrolatu eta agintzen duena badakigu zein den: Ameriketako Estatu Batuak. Bere lurraldean droga ekoiztu gabe etekin handiena beraiek ateratzen dute. Beraiek pilatzen dute Ertamerikan eta Hegoamerikan ekoizten dena gero munduan zehar saldu eta banatzeko. Kamiokadak pasatzen dituzte Mexiko eta AEBko muga inolako arazorik gabe, Chicagoraino gehienak. Armamentua (Gerrak sortuz) eta droga salmenta dira AEBko ekonomiaren bi oinarri nagusienak"
Bere bizitzako pasarte asko kontatu zizkigun:
"Ciudad Juarezen bizi nintzenean biolentzia maila izugarria zen. Hallowei gauean ohitura izaten da Panpinak zubietatik zintzilikatzea. Behin, egun horren biharamunean, goizean goiz kotxez lanera nindoala zubi batean ikusi nituen urrutitik, baina gerturatzean eta bertatik bertara begiratzean harri eta zur geratu nintzen, zazpi hilotz zeuden zintzilikatuta eta inor ez zen geratzen. Ordu luzetan egon ziren han."
Mayen inguruan ere hitzegin zigun. Baztertuenak izaten jarraitzen dutela dio: "ikusten duzu zer egiten ari diren, balio turistiko edo mineralak dituzten lurraldeetatik botatzen dituzte, miseria baten truke. Nire aitona ez zen maya baina zeuzkan lurretan balio arkeologikoa zuten hondakin batzuk azaldu ziren eta gobernuak lurrak kendu zizkion eta hirian pisu bat eman zioten ordainez, miserableak!
Ez naiz sekula Chichen Itza-ra edo antzeko tokietara joan, niretzat profanazioa eta lapurretaren sinboloak baitira. Antolaketa eta borroka dira irtenbide bakarrak egoera hauei aurre egiteko, eta optimisteegia ez naizen arren, mayak zenbait tokitan horretan saiatzen ari direla onartu behar da eta poztekoa da."
Hauexek dira Miguelek beste batzuren artean kontatu dizkigunak solasean egon garen orduetan. Mexicon barneratu aurretiko kontu interesgarriak zalantzarik gabe.

*Argazkiak internetetik hartu ditugu
JARRAITU IRAKURTZEN...

2013/10/13

Kubako ibilbidea

Bagenekien hilabeterekin Kuba osoa bizikletaz zeharkatzea zaila zela. Argi genuen lasai ibiliko ginela, kilometroei eta kalendarioari kasu handirik egin gabe. Honetaz gain, gustatu zaizkigun lekuetan, pare bat egun edo gehiagoko geldialdiak ere egin ditugu. Hori dela eta, hauxe izan da hilabete honetan egin dugun ibilbidea. Pasa garen herrien izenak ikusi nahi badituzue, haunditu + emanez.





JARRAITU IRAKURTZEN...

Ospakizun herrikoiak

Santa Claran geundela, CDR-ren 53.urteurrenaren ospakizuna ikusteko aukera izan genuen. Auzoetako kale bakoitzean elkartzen dira bezperan eta kale horretan bizi direnentzako afaria prestatzen dute kazuela haundi batean, kuadraz kuadra. Musika topera jarri ta afalondoren berriketan, dantzan.. aritzen dira. Azken bi hauetan benetan abilak dira kubatarrak.











JARRAITU IRAKURTZEN...

Bideko kartel ta pintadak

Hemen daukazue Kuban aurkitutako "propaganda". Ikustera ohituta gauden iragarki horiekin ez dute zerikusirik. Edozein bazterretan aurki daitezke. 
Argazkiak haundiagoan ikusteko, gainean klik egin.



































JARRAITU IRAKURTZEN...