2013/11/29

"Apirilak 21"




Behatzaileak Moreliako karakolean
Hau da  hamabost egun hauetan egon garen herrixka edo asentamenduaren izena. Edo, hobe esanda, 2007ra arte herrixka izan zena. Urte horretan bertako biztanleak aldegitera behartu bait zituzten aldameneko Nance herriko talde batekoek (Orcao kafegileen elkartean antolatuta daudenak) mehatxuen historio bati bi etxola errez amaitu zutenean. Gatazka honen hasiera baina 1994ean hasten da, zapatisten altxamenduaren unean. Garai hartan, zapatistek zenbait jauntxoen lur eremu bereganatzen dituzte eta populatzen hasten dira bertako lurrak lantzeko. Horrela 1994ko apirilaren 21ean sortzen da herrixka hau. Historia kontatzen duen konpa baten audioa hemen duzue. Hemendik gertu ere badago beste bat era berdinean sortutakoa, "Apirilak 10", eta une hauetan Partidisten erasoak jasaten ari dira ere.

Bolondres bezala etorri gara hona "Frayba" Giza Eskubideen aldeko erakundearen bitartez. Erakunde honen historia eta ezaugarriak aurreko estekan topatuko dituzue. Astelehenero tailertxo bat antolatzen dute eta elkarte baten ziurtagiria eskatzen diete bolondres bezala aurkezten direnei. Guk bagenuen hori, eta esperientzia probatzera animatu ginen. Fraybakoek EZLN-kin harreman estua dute eta herri autonomo zapatistetan ematen diren gatazkei jarraipena egiteko bolondresak bidaltzen dituzte, hauek egoeraren berri
eman dezaten, giza eskubideen aurkako ekintzak salatzeko eta herri hauei babesa emateko. 2007tik aurrera, beraz, herrixka hustu zen baina zapatistek lur hauek defendatzen jarraitu dute atsedenik gabe. Zazpi urte daramate EZLNko sostengu oinarrikoek 15 eguneko txandak egiten  bertan Orcaokoak sar ez daitezen. Azken hilabete hauetan San Pedro Polho-ko jendea (Tzotzilak) ari da lan hori egiten.
Mexikoko gobernuak zapatisten aurka  daraman intentsitate apaleko gerraren adibide garbia da hau ere. Izan ere, Orcaon sartu ziren Nanceko biztanle hauek 1994ean EZLNko oinarrikoak ziren baina urte batzuk beranduago PRIra pasa ziren, hauen opari eta txanponak jasoz. Garai hartan 2000. urte inguruan beraiek lur eremu hau erreklamatu zuten eta zapatistekin negoziatu ondoren eremua erdiz erdi banatzea adostu zuten. Aurrerago baina, Gobernuak gehiago eskatu zien eta honen babesa jasotzen jarraitzeko men egin behar hasierako saldukeriari. Beraiek egin behar zuten zapatistak botatzeko lan hori, gobernuak zuzenean egin nahi ez zuena. Mertzenarioak bihurtuta bukatu dute zapatista ohi hauek.

 Gerra honek min egiten die zapatistei, ez baita oso deigarria edo ikusteko erraza kanpotik, barrutik nahi die pixkanaka desgastatu, horregatik esan digu konpa batek: "une honetan ateak itxita dauzkagu, gure mugimenduan inor gehiago sartzeko aukerarik ez dugu ematen. Irtetzeko bai, nahi duenak aldegin dezake". 
Garbi dago erresistentzia borroka luze honetan, garatzen ari diren proiektu autonomoa zabaltzeko eta sendotzeko barne kohesioa eta sendotasuna nahi dutela indartu. Une honetan, bi aldeak banatzen duen mugan zapatistek jarritako hesia botatzen eta alanbrea lapurtzen ari dira Orcaokoek. Gu izan garen 15 egun hauetan 1500 metro alanbre lapurtu dituzte.
Asentamentura eta aurrerago dagoen Puebla herriskara doan lurrezko bidea ere kontrolatzen dute "21 de Abril"-era dihoaztenei bidea ixteko. Gu ere sartzeko eta ateratzeko basoko bidexketatik sahiestu dugu beraien kontrola.                                                                                                               Esperientzia polita bizi izan dugu "konpa" hauekin bi aste hauetan. Umilak, pazientzi handikoak eta alaiak, oso alaiak dira. Ia inork "Castilla" hizkuntza ezagutzen ez zuenez gu izan gara "tzotzil" hizkuntzara pixkabat hurbildu garenak: "kolabal konpa, taksi ba'at".
Eskerrik asko, laister arte.

Lasaiak izan dira oso egun hauek, eguneroko beharrak bete (sua piztu, ur bila joan, janariak prestatu...) eta bizpahiru egunetan behin hesian zehar buelta bat eman zer puskatu edota lapurtu zuten ikuskatzeko. Azken hau, hiru bat orduko ibilaldia izaten zen, txoriak ehizatzeko, okotea biltzeko eta konpekin landareei buruz zertxobait ikasteko. Bideoan dituzue jaso ahal izan ditugun irudiak tokia eta egiten genuenari buruz ideia bat egiteko.

Kandelen argitan musean














JARRAITU IRAKURTZEN...

2013/11/10

"La voz de Alejandro"

Alejandro Diaz Santiz bakarrik geratu da, edo ia bakarrik. Bere ondoan beti dago Fredi, nahiz eta bera oraindik ofizialki ez dagoen "Solidarios de La Voz del Amate" taldean. Gaur, San Cristobaletik gertu dagoen "El Cereso 5" espetxean sartu garenean biak zeuden Alberto Patishtan eta bere taldekoak egoten ziren txokoan. Tejabana baten azpian mahai luze bat eta 12 bat aulki. "Aulkiak soberan daude" pentsatu dugu Malenek eta biok, "No estamos todxs" Lakandonako Ohianeko VI. Adierazpenaren alde dauden presoen aldeko taldeko beste hiru kideekin sartu garenean. Ez da horrela izan baina, orduak aurrera pasa ahala denak bete baitira.

Eskua eman eta "No estamos todxs"-ekoak aurkeztu gaitu. "Son compañeros vascos" eta hor hasi gara hizketan. Gure presoen egoerari buruzko informazio pixkat emateko aukera ere izan dugu. Ez zeukan informazio gehiegirik eta hurrengo bisitan honi buruz hitzegiteko aukera gehiago izango dugu.

Hurrengo orduetan aulkiak betetzen hasi dira, bere abokatua etorri da, egoera judizial eta politikoaren berri ekartzera. Patishtanen irteerarekin daitekeena da "Solidarios de La Voz de Amate"-ko 3 presoen inguruko presioa handitzea eta irtenbide azkar bat izatea baina baita ere gauzak okertzea. Horren aurrean Alejandrok garbi du luzera joan daitekeela oraindik. "Nik Albertori esaten nion asko poztuko nintzatekeela bera ni baino lehenago aterako balitz, eta berak ezetz, nahiago zuela ni lehenago ateratzea, denbora gehiago daramadalako barruan. Nik orduan, esaten nion berak 60 urteko kondena zuela eta nik 29. Hor ibili ginen Albertok esan arte "ni tú ni yo vamos a resolver eso, dejémoslo ahí".



Gero hor azaldu dira Alejandroren emaztea eta 4 seme, 12, 8, 5 eta 3 urtekoak, Fraybako lankide batekin. Hauek gu gauden etxean daude ostatu hartuta baita ere ostegunetik, beraien herritik etorri baitira bisita egiteko. Igandera arte egongo dira eta datorren astean berriz dator Flor emaztea. Zenbat parre egin dugun egun hauetan txiki hauekin jolasean. Nahiz eta hiru txikienak gaztelera ez jakin, hor ibiltzen ginen harrapaketetan "Pukuj" "pukuj" esanez (Deabrua, deabrua! tzotzilez) eta elkarri kilimak eginez. Aulki guztiak bete dira dagoeneko.

Hori aprobetxatuz Fredirekin espetxe osoa ikustera joan gara. Baina lehenago nola sartu garen aipatu behar.
Espetxe honek harritu gaitu, guk  Espainiako eta Frantziako espetxeen erreferentzia ekarri baitugu. Ez da aurretik baimenik eskuratu behar, atarian aurkeztu pasaporteekin eta nor ikusi nahi dugun galderari erantzun eta barrura, besterik gabe. Kontuz ibili behar da, ordea, daramazun erroparen koloreekin. Kolore argikoak izan behar dira baina laranja kolorea ere debekatuta dago. Kolore ilunak debekatuta daude, arazo dexente kolore horiek gustuko dugunontzat. Ni (Pello) gaur zortez(?!) eta justu antzera sartu naiz. Zira beltz-gorriduna eta txaleko beige iluna bertan utziarazi didate. Honela Kamiseta gris argi batekin soilik geratu nahiz eta fresko egiten zuen. Galtza bakero urdin ilunak eraman ditut eta horiekin ez nintzela sartuko esan dit katxeatu nauen funtzionarioak. Horiek aldatzen banitu utziko zidala sartzen, bestela ez. Horren aurrean, nik garbi nuen kaltzontzilotan ere ez zidatela utziko eta banindoan kanporako ideiarekin, baina berehala aginte gehiago duen beste funtzionario bat azaldu da eta nahikoa izan da haren keinu bat egoera aldatzeko. Eskuarekin adierazi dio aurrekoari barrurako norantza. Hitzik esan gabe bidea erakutsi dit. Zer gertatu da? Nik garbi daukat konturatu direla ez ginela bisitari arruntak, eta salaketa publikoren bat ekiditeko hartu dutela azken erabaki hori.

Bestalde, bisitak goizeko 10etatik arratsaldeko 4ak arte izan daitezke. Gu hamaikak aldera sartu gara eta hiruretan atera gara.

Fredirekin hasi gara, beraz, buelta bat ematen bertako txoko ezberdinetatik. Ez daude bisitarako kabinak edo gelak. Kartzela osoa da bisita-gela eta denak nahastuta gaude, preso guztiak eta bisitari guztiak. Berdin egon zaitezke sukaldeko mahai batean zein txabolo batean. Sinestezina guretzat. Espetxe barrua herri txiki bat dirudi. Bi eliza daude, katolikoa eta ebanjelista, pelukeriak, abarroteko (janari) dendak, zurgintza eta erropa tailerrak. Saltzaile anbulanteak ere badaude, tabakoa, pastelak, artesania saltzen dutenak. Txaboloen aurrean presoek sukaldatzen ikusi ditugu, galerietan hamakak eta arropak egiten...
Baina gehien inpresionatu gaituena txaboloak izan dira. 4x3 metroko geletan 10-12 edo batzuetan 14 pertsona daude. 30zm-ko pasiloaren bi aldeetan, 4 "pisuko" literak. Behekoari "sotanoa" deitzen diote, berez lurra dalako eta presoen gauzak hor azpian sartzeko pentsatuta zegoelako; zapatak... 40 bat zentimetro izango dira hor lurretik sabaira, hor ere sartzen dira presoak lotarako.  Zenbat preso dauden espetxean Frediri galdetuta 500 inguru direla esan digu. Txikia da espetxea, patio itxiaren erditik 2 pisuko galerietara begiratu eta "ezinezkoa da" genioen. "Beno, denak ez dira sartzen, badago multzo bat pasiloetan lo egiten duena, txabolo barruan tokirik ez dagoelako" dio Fredik.


Fredirena ere surrealismoz betetako kasua da. Berak kontatu digu nola izan zen bere kartzelaratzea. Ikaragarria! Akosatu zion emakume batek biolatu zuela salatu zuen, ustez hori gertatu eta urtebetera (!!) jarri zuen salaketa. Frogarik gabe, lekukorik gabe, ezer gabe. Bi urte darama prebentibo bezela eta dirurik gabe utzi zuen "abokatu" batek bere aita. Aitak sumatu zuenean abokatuak ez zuela gauza handirik egiten, honek erantzun zion beste erdia ez bazion ordaintzen egoera okertu egingo zela. Ordaindu behar izan zion.

Alejandro, ez zuten "politikagatik" espetxean sartu. Salaketa faltsu bat eta Mexikoko egoera politiko eta judizial ustelak nahikoak dira milaka pertsona kartzelaratzeko inolako errurik gabe. Bera hilketa baten arduradun izateaz salatu zuten, frogarik gabe. Baina ezin izan zuen defendatu bere burua, ez baitzekien gazteleraz eta abokatu bat edukitzeko ez zuen dirurik. Verakruzen izan ziren adierazpen hartzeak eta epaiketa, baina ez zuen ulertzen epaileek eta fiskalak ziotena, ezta hauek ere berak esaten zuena. Nahiz eta itzultzailea izan, alperrik, Verakruzen zegoenez nauhalteko itzultzailea jarri zioten eta bera tzotzilez mintzo da. Surrealista da oso Mexiko. Edo gure lagun Alex estatubatuarrak dioenez, "Realismo Magikoa" eguneroko ogia da Mexikon. 29 urteko espetxe zigorratik 15 urte beteta dauzka jadanik.

Beraz Alejandro ez da "preso politikoa". Baina bai "politizatutako presoa". Patishtanen lanari esker espetxeetako preso arrunt batzuk politikoak bihurtzen ari dira. Kuttuna du Alejandro Alberto Patishtanek. Urriaren azken egunean askatasuna lortu orduko, Alejandrorentzat izan ziren Albertoren hasieretako hitzak. Bere askatasuna exijitu zuen prentsaren aurrean.



Alejandrok Alberto Patishtanekin izandako anekdota eta pasadizo asko kontatu dizkigu. Berak ez zekien gazteleraz eta Albertori esker hasi zen espetxean ikasten. "Si no aprendes no vas a poder defenderte" edo berak behin esan omen zion ezin zuela hainbeste arazoei aurre egin eta Albertok esan zion: "Donde no hay problemas es en el cielo. O sea, que tú decides si ir al cielo o quedarte aquí en la tierra y enfrentarlos".
Uztailean taldeko 9 kide askatu zituztenetik Patishtan eta bera bakarrik geratu ziren San Cristobaleko espetxe honetan. Alberto berehala hasi zitzaion presionatzen ardura gehiago har zezan. Taldeko ixilena zen Alejandro eta besteen babesean zegoen beti baina orain azkar ikasi beharko zuen bakarrik defendatzen. Horixe pentsatu zuen Albertok eta hiru hilabetetan trago txar batzuk pasarazi dizkio. Zuzendariarekin hitzegitera behartu, baita prentsako kazetariekin ere, edo komunikatuak eta instantziak eginarazi ere. Aurreikusten zuen Albertok agian bera gabe geratu zitekeela eta azkar prestatu behar zuen horretarako.

"Irailaren 24ean, liburu baten aurkezpena zegoen hemen, toki honetan. Liburu hortan 20 presoren testigantzak azaltzen dira, Albertorena tartean. Berak bi egun lehenago esan zidan nik egin behar nuela aurkezpenaren sarrera eta gero berak jarraituko zuela. Bezperan ez nuen lorik egin, gau osoa esan behar nuenaren inguruan pentsatzen pasa nuen. Eguna iritsi eta hasi nintzenean Alberto altxa egin zen bisita batzuren aitzakian eta hor utzi ninduen bakarrik ordubetez edo. Nik eztakit nola egin nuen baina bera berriz azaldu arte hor jarraitu nuen hizketan jende mordoaren aurrean. Gaur, ez daukat hitzik nigatik egin duena eskertzeko."

Orain, Patishtan joan denetik, Alejandrok bi komunikatu (1) , (2)  atera ditu prentsarako eta hainbat alditan izan ditu elkarrizketak kartzelako agintariekin bertako presoen eskubideak defendatzeko. Izan ere, azkenaldian, telefono linearik gabe daude eta ezin dute kanpokoekin hitzegin, argindarra ere murriztu diete eta ura egunean 20 minututako bost alditik hirura  jaitsi diete. Berak emandako "latari" esker, orain argindarra denbora luzeagoan edukitzeko eskubidea lortu dute. Eta ez gizonezkoen aldean bakarrik, berak "guztientzat borrokatzen baitu". Izan ere, lehen emakumeek ez zuten argindarrerako eskubiderik, orain zerbait bai.

Kontzientzia politiko handiko presoa da gaur egun Alejandro eta Fredi ere bidean doa, pausu onez. Arratsaldeko 3etan besarkada eta musu bana eman eta laister arte esanez agurtu gara, hemen gauden bitartean gehiagotan bisitatuko ditugunaren zalantzarik ez baitugu. Bestalde, gure animo handienak Patishtani, orain DF-ko ospitalean baitago radioterapia hartzen. Diotenez, azaro amaieraldean edo abenduan
egingo zaio ongietorria; ea gu ere bertan garen.


JARRAITU IRAKURTZEN...

2013/11/06

Luzeeratik sakontasunera

Chiapasera heltzerakoan  bidaiak  bira bat eman du, jarraitzen du baina oraingoan bizikletak atsedena hartuko dute bi hilabetez eta gure hanketako giharrek beste era batera egingo dute lan, ez dute abiaduraren lehentasuna izango, pausu geldora joango dira, adi egon behar direlako gure zentzumen guztiak, inguruak esan nahi digun guztia ulertzeko, geureganatzeko, maitatzeko. Asko baita hemen ikas dezakeguna.
Lautadak utzi ditugu  eta mendietan barneratu gara, berotasuna freskotasun bihurtu zaigu, baina giroak bere horretan jarraitzen du. Beraz…


…haizegailuak eta haize-girotua mantengatik aldatu ditugu, galtza motzak luzeengatik, etengabe ura eta freskagarriak  edatetik sukaldeko epeltasunera,  eguneroko ariketa fisikoak irakurketa eta idazketari  lekukoa pasa diote…

Gure bidaiaren norabidea hurrengo bi hilabetetan ez da luzeeran  izango, kilometro kontagailua eta maparen lerroa gelditu dira, ezin baitute sakontasuna neurtu, izan ere  Chiapaseko bihotzaren barrnerantz bidaiatu nahi dugu orain, bere taupadetara egokitu eta geureak bere erritmora pausatu.

Herri honek menpekotasun historia luze baten eraldaketari  hasiera eman dio,  “nahikoa da!” esan dio 500 urteko zapalkuntzari,  bere txikitasunetik  gaur eguneko esplotazio basatiari aurre egiten dio, ama lurrean sustraiak tinko eutsiz eta etorkizuna beraien eskuekin marraztuz.

Herritik herrira, sufrimendutik sufrimendura, keinutik keinura, dei  egin ziguten behean eta ezkerrean bizi  garen guztioi, bakoitzak bizi dugun  egutegitik  eta geografiatik,  “nahikoa da” esatera, beste mundu bat  egitea posible delako. Baina posible izango da txikitasunaren garrantzia onartzen dugunean, txikitasun  guztiek esku harturik bakarrik gainditu dezakegulako bizi dugun erokeria hau. Pazientziaz, isilean, bakoitzatik, ekintzatik…

Biadaiatzen jarraitzen dugu.
JARRAITU IRAKURTZEN...

2013/11/04

Bidaiari biraka

Nahiz eta Chiapaseko hiriburu administratiboa Tuxtla Gutierrez izan, San Cristobal da bizitza kultural eta turistiko handiena duena. Gu azaroarekin batera iritsi gara aurreko lau egunetako sufrikarioari esker; izan ere Palenque itsas-mailatik 60 metrotara dago eta San Cristobal 2200 metrotara. Atera kontuak! Atzo Mexiko osoan era ikusgarrian ospatu zuten "Día de los muertos" eta gu ere ez ginen urruti ibili.

Baina zer esan, merezi izan du. Kanpotar ugari dabil inguruotan. Izan ere, harrigarria da zenbat ekintza kultural  eta sozialak antolatzen diren; oraindik sartu berriak gara baina airean sumatzen da aktibidade eta aukera handiak daudela hemen. Bestalde, merkatu izugarri haundi bat du, non bertan denetik aurki daitekeen; momentuko frutak, berdurak, espezieak, arraina, haragia, fruitu lehorrak, erropa, sukalderako ontziak, zapatak... Guk orain arte egunero egin dugu bertatik goiz-buelta, merkatuko txoko ezberdinetatik barrena. Fruta berri bat dastatzeko aukera ere izan dugu.

Momentu honetan, "Pura Bici" izeneko hostalean gaude alojatuta. Batez ere, bizikletaz bidaiatzen duen jendearentzako da. Lehen gaua dohainik da eta gainontzekoetan beheraldi txiki bat egiten dute. Pozgarria da guretzat horrelako aukerak aurkitzea.

Honek jende gehiago ezagutzeko aukera ematen digu, esperientziak partekatuz, dudak konpartituz... Horien artean ezagutu ditugu: Sidney (mutil gazte suitzarra, Argentinako Patagoniatik honaino pedaleatu duena), beste mutil ingeles bat, (lau urte darama bizikleta gainean), bi mutil argentinar, sukaldean elkarrizketa politak konpartitu ditugunak mate edanez... Gainera, gure lagun Voitek ere berriz ikusteko aukera izan dugu, iada hirugarren aldia.


Hostalaz gain, tailer bat ere badute bizikletak konpontzeko eta bizikleten mantenuaren inguruan tailerrak ematen dituzte. Bertako arduraduna ezagutu genuen lehenengo momentutik hostelean eta iada hasi da gure bizikletak checkeatzen, alegia, berriro puntuan jartzen. Lehenengo begiradako diagnostikoa: zikinak daude engranajeak... noski, Cuba eta Yucatan osoko hauts eta lokatzen astuna gurekin itsatsita ekarri baitugu.


Orain  egun batzuk pasako ditugu hemen inguruan. Kontaktu batzuk ditugu eta ari gara hemengo jendea ezagutzen. Bidegurutze haundi baten erdian gaudela esan genezake, ta denborak eta zirkunstantziak esango digu zein bide hartu. Gutxienez astebeteko geldialdia egingo dugula ziur da. Kontaktuen emaitzak eta astebete honetako lanaren ondorioak markatuko du zein bide hartu. Bizitza bera bezela.
Pozik gaude, oso pozik. Hori da garrantzitsuena.










JARRAITU IRAKURTZEN...