2014/04/12

Maracaytik kronikak


Egun beteak eta interesgarriak dira Maracayko hauek,  Iraultza Bolivartarraren herri mugimunduen sektore ezberdinekin konpartitzen ari garenak. Caracaseko Jose Luis kantabriar-venezuelarraren bitartez iritsi gara hona.  Jose Luis bere aitarekin etorri zen 1974ean Caracasera 15 urte zituelarik. Hasierako urteak zailak izan zirela aipatu digu, eguneroko ogia, literalki, lortzeko gogor borrokatu behar baitzuten. Bizpahiru urte geroago egoera orekatzea lortu zuten eta era berean hemengo borrokalariekin batera arazo sozio-politikoetan inplikatu zen bete-betean. Horregatik ezagutzen ditu garai hartako hainbat gerrilari ohi eta ezkerreko sektore ezberdineko jendea.

Horietako bat Mariana, 1977 aldera Nikaraguara joan zen emakumea, eta Ejertzito Sandinistarekin gogor borrokatu zuen iraultzaren alde. “Nicaragua, Frente Sur” liburuak Nikaraguako hego aldeko gerra nola garatu zen kontatzen du. Hau gogorrena izan zen eta erabakigarria iraultzaren garaipenerako. Bost venezuelarrek hartu zuten parte lerro horretan. Oraindik ez dugu liburua inon aurkitu.

Jose Luis gaur egun ere militante fina da eta administrazioko langilea. Diskapazitate bat du (ez du ondo ikusten) eta bere antzeko egoeran daudenak antolatzen ari  da lanean. Momentu honetan proiektu bat lantzen ari da: kaleko txakurrak jaso eta hezitu ikusmen arazoak dituztenei  laguntzeko. Horrela bi arazo batera landu nahi ditu, kalean utzitako txakurrena eta itsuen mobilidadearena. Txakurren izaera nola ezagutzen duen ikusi genuen eta buru belarri dabil ezagutza horiek sakontzen. Chavezek “ Mision Robinson” (txakurren aldekoa) nola jarri zuen martxan kontatzen digu: “Venezuelako lehendakari  lehen aldiz hautatua izan zenean (1999) karro batek harrapatutako txakur bat hilzorian ikusi zuen bere ibilgailu ofizialean zihoanean. Berehala gerarazi zuen kotxea, bertatik jeitsi, txakurra jasoet a albaitari batengana eraman zuen.  Txakurra aurrera atera zen. Hor jarri zuen martxan  “Mision Robinson” kaleko txakurrak jaso, hezitu eta zainduko duen jendea aurkitzeko. Robinson, bere ibilbide askatzailean Bolivarren atzetik joan zen txakurraren izena zen.

Sei egun daramagu Maracayn eta ez gara gelditu egun hauetan. Datorrena sei egun hauen kronika labur bat da.

MILIZIA ZIBILAK

 Maracay gune garrantzitsua da Venezuelan. Bertatik pasatzen dira mendebaleko bide gehienak, Tachira, Miranda, Zulia, Lara, Falcon, Amazonas…estatuetatik Caracasera heltzeko bidegurutzea. Eta bertan kokatzen dira estrategikoak diren bi gune militar: abiazioko kuartela eta parakaidistena. Azken honetara 150 bat milizianoekin instrukzio militarra jasotzera joan ginen. Taldeaz arduratuko zen tenientea aurkeztu ziguten. Harrituko zarete gu saltsa honetan sartu ginela irakurtzean baina… ez du zerikusirik soldaduzkan ezagutu nuen espainiar armadarekin.


Talde osoa bildu ginenean zirkulu zabal batean jarri eta hor hasi zen tenientea egoera politikoaren irakurketa egiten zein solasaldia sustatzen. Bere irakurketa Venezuelako hainbatek egiten dutenaren antzekoa da, klase ikuspegitik egina eta naziorteko indar nagusien interesak kontutan hartuta. Ondoren arriskuei aurre egiteko defentsarako estrategiei buruz aritu zen eta miliziek (iraultzaren aldeko herritar guztiek) jokatu behar duten funtzioaz: “AEB-en eta indar inperialisten eraso zuzena ematen bada aukera bakarra daukagu eusteko eta irabazteko. Garbi dugu aurrez aurre, armadatik armadara ez dugula zer eginik. Muturreko egoera horretara helduz gero modu bakarra dago inperioari aurre egiteko, guk uniformeak kendu eta herritarrekin batera iraupen luzeko herritar gerra bat prestatzea. Herriz herri, auzoz  auzo antolatu eta aurre egin erasoari. Presta gaitezen, beraz, hipotesi larrienerako. Presta gaitezen bada gaurtik, auzo eta herri bakoitza aztertzen, gune garrantzitsuen planoak egiten, herritarrak militarki prestatzen. Horretarako etorri gara gaur eta gehiagotan bilduko gara ere."




Koiuntura  politikoaren eztabaida egin ondoren fusilei buruzko ezagutza teorikoa eta praktikoa etorri zen. Herritarren artean deigarria zen ikustea 18tik 70urte arteko jendea, emakumeak eta gizonak, kristauen kolektibokoak zein komunistak edo anarkistak… Venezuelako ejertzitoan Aire, Lur eta Aireko eremu klasikoetatik  aparte beste bi daude ofizialki, Bolivartarren Nazio Indarra eta Milizianoak.








NEKAZAL  KOMUNEN BATZORDEAK

Nekazal giroko herrietan edo auzoetan ere antolatzen ari dira. Guayacan auzora joan ginen Wilfredo agronomoarekin zuzenean ikusteko nola antolatzen ari diren han. Igandea zen eta antolatuta zituzten batzordeetarako arduradunen hautaketarako bozketak ziren. Auzoko jendea ez zen bozkatzera bakarrik joan, hamaiketakoa eta bazkaria ere egin genuen denok elkarrekin eta giro lasaian beraien arazoak eta asmoak ezagutu genituen. Wilfredok esan zigun Venezuelak duen kontraesan larrienetako bat, elikaduraren burujabetza dela: “ hain lurralde aberatsa izanda gaur egun Venezuelak elikagaien %80 kanpotik ekarri behar du. Lan ikaragarria dago egiteko arlo honetan, Petroleoa bukatuko da egunen batean, gero zer egingo degu gaurtik ez bagara prestatzen? Ekonomia arloan oreka bilatu behar dugu, ezin dugu Petroleoan bakarrik oinarritu gure aberastasuna. Beste sektore guztiak garatu behar ditugu eta Venezuelak baditu errekurtsoak eta baliabideak hori egiteko” Ez du ulertzen, adibidez, Venezuelak munduko kafe eta kakao onenak izan dituenean nola murriztu den hainbeste bere ekoizpena.

Nekazarien batzorde hauek legean azaltzen diren figura juridiko bat da, proiektuak egin eta finantziazioa eskatzeko, lurrak partikularrenak dira baina denentzat onurak lortzeko elkartuta antolatzen dira. Hau, lehen urratsa besterik ez da. Denborarekin eraketa honetatik Komuna Sozialistetara pasatzea da helburua, hau da, kudeaketa eta finantziazio autonomia osoa Batzorde hauetara pasatzea. Estatuari boterea kentzen joan langile eta nekazarien eskuetara pasatzen joateko.

“EL NEGRO PONCE”


 Maracayn egon garen egun hauek Jose Ponce armadako sargentoaren etxean pasa ditugu. Bera Maracayko Abiazioaren Museoko arduradunetako bat  da eta berak azaldu zigun Venezuelako abiazioaren historia, museoan dauden garai ezberdinetako abioi eta helikopteroak oinarri hartuta.



Poncek zuzen zuzenean 1992ko azaroaren  9an militar bolivartarrak estatu kolpe saiakera eman zutenean bizitako esperientzia kontatu zigun. Maracayko abiazio kuartelean egiten zuen  lan eta han barruan oficial gehienak, ez denak, kolpearen alde jarri ziren. “Nik ez nekien noiz izango zen kolpea, “Mayor” batek uda aldean gutako 5 sargentorekin esan zigun ea gure artean saporik ba ote zegoen (txibato). Gero ea prest izango ginen dena arriskatzeko Venezuelako herri txiroaren alde. Hitza eman genuen, eta egun hori iritsi zen. Ni goizean goiz basera  iritsi nintzenerako  kolpea martxan zegoen, baina erresistentzia gune bat zegoen barruan, ez zen aire basearen kontrol osoa lortu. Kanpotik ere albisteak ez ziren onak, eta tankeak zetozen kuartela hartzeko. Erresistentzia gunea hartzeko saiakeran 10-12 bat soldadu posizio zailean geratu ziren muniziorik gabe eta ezin ziren  atera ataka hartatik, tiroz erasotzen baitzituzten  kuarteleko eraikin batetik. Beste hiru ofizialekin  nengoen eta beraiengatik zerbait egin behar genuela esan nien. Hauek ordea, pelao (jende txiroa) batzuk zirela eta beraiek ez zirela joango erantzun zuten. Amorru izugarri batek hartu ninduen orduan, zertarako ari ginen ba ¨vaina¨ horretan?   Fusil bat, granada bat eta pistola bat hartu ta haruntza joan nintzen bakarrik. Tiroak botatzen hasi nintzen eraikin aldera beraiek  handik ihes egin zezaten. Arrisku handian egon nintzen munizioa bukatu zitzaidanean baina lortu nuen atzera egin eta handik ateratzea.”

“Kolpeak huts egin zuen, ni 5 astez atxilotuta egon  ondoren, kale gorrian geratu nintzen 7 urtez. Zaila, oso zaila izan zen nire egoera, gosea pasa nuen, hotelak garbitzen eta topatzen nuen edozein lanetan ” Begiak lausotzen zaizkio Ponceri eta eten bat egitera behartuta dago, negarrez ari da.

Lasaitzen denean 99an Chavezek ekintza hargatik eman zion “Bolivar Domina” erakusten digu. “Chavezek lehen  aldiz hauteskundeak irabazi zituenean egin zuen lehenengo gauza kolpean parte hartu genuenoi armadara bueltatzeko aukera ematea izan zen. Eta hemen nago berriro. Niri egia esan ez zaizkit gustatzen bizitza militarraren hainbat gauza, hierarkiaren harrokeriak dakarren subordinazioaren egoera eta bidegabekeriak adibidez. Egun hartatik eskuetan edozein arma edukitzeko gogoa joan zitzaidan. Horregatik eskatu nuen museoan lanpostua. Laister jubilatuko naiz."

Bere andrea Belkys dinamita hutsa da, alde batetik bestera laguntzen digu ta etxera bueltatzen garenean tarte bat egin behar dugu logelan belarrien atsedenerako. “Ni Caracaseko rantxitoetan jaio nintzen, gosea pasa eta pisuan (lurrean) lo egiten nuen. Begira nola diren gauzak, orain nire alabetako bat eskualidoa da, ikaragarria”.


ETXEBIZITZA DUINEN ALDEKO BORROKAN

Etxebizitzaren arazoaren aurrean, aurrerapen handia nabari da. Gobernua “Mision Vivienda”ren barruan, Venezuelako hainbat txokotan apartamentuak ari da eraikitzen, cerrotako txaboletan edo “rancho”etan bizi direnei etxe duin bat emateko. Asko eta asko dira lortu dutenak baina oraindik metalezko txapez, kartoiez.. eraikitako txaboletan bizi direnak ere dexente dira. Sannie abokatuak lagunduta, hauetako auzo bat ikusteko aukera izan genuen.




Sannie, unibertsitate bolivartarrean graduatu zen. Batzuek bere ofizioa baliogutxitzen dute, prozesuaren aldeko titulua izate hutsagatik. Bera, “La Horquidia” izeneko auzo txiro honetan ari da esku bat botatzen, Comuna bat sortzen ari baitira. “Estatuko aparatuak, arazoak jartzen dizkigu, komunak sortuz gero, partiduak honen agintera pasa behar baitu. Alde hortatik kontradikzioak ditugu oraindik”
Irisekin batera (auzoko bizilagun bat) ibili ginen asfaltatu gabeko kaleetatik barrena, eguzkiak gogor jotzen zuela. “Hemen 200 bat familia bizi dira, eta ez daukagu denentzat lekua. Batzuk mendiaren ondoan kokatu dira, baina euriteen garaia iristean pareta zati bat erori daiteke”. Berak garbi zeukan antolatzea besterik ez zaiela gelditzen beraien arazoak konpondu ditzaten.

Aldameneko auzoan egoera zerbait hobea da. Etxeak eraiki zizkieten baina korrupzioak aparatu guztia harrapatzen du eta beti dago norbait herriaren dirua lapurtzen duena. Teilatuak kartoizkoak jarri zituzten ta ez hormigoizkoak. Laister etorri zen desastrea euriteekin. Borrokan bi urtez pasa ondoren orain bertako bizilagunak etxe guztiak konpontzen eta kaleak asfaltatzen ari dira. Horrela lanpostu gehiago sortzea lortzen dute. Ludmilaren etxean egon ginen bazkaltzen eta hitzak partekatzen. 
“Hau lortzea ez da erraza izan, denbora luzez egon nintzen hainbat instituziotan lata ematen. Orain kontseiluko batzorde berria hautatu behar da eta auzokideei ni ez naizela aurkeztuko esan diet. Errexkeria utzi behar da eta kontzientzia iraultzailea zabaldu, ni berriz aurkeztuz gero ez degu hori lortuko”.  


LA CASA DE LOS ABUELOS
Chavezekin abian jarri ziren ekimen sozialak kontaezinak dira, Turmero herriko beste auzo batean beste adibide hau ikusteko aukera izan genuen: hirugarren adineko jendearentzat irekitako zahar etxeak.                                                                 Iritsi ginenerako zain genituen 25 bat aiton-anona eta beraiekin lanean ari diren zenbait langile:: infocentroko irakaslea, esku lanetakoa, animadore sozio kultural antropologoa, irakslea... Solasean izan ginen ordubete inguru eta ondoren beren etxea erakutsi  ziguten Oso pozik ikusi genituen. Langileetako batek aurreko egoera eta oraingoa konparatu zizkigun ta berriro Chavez erreferentzia. Jende asko ikusi dugu Chavez aipatu eta gogoratu orduko emozio ta malkoak ezin eutsi.










BAZKARIA LAGUNEKIN

Aste Santuko oporrak hartu aurretik egun hauetan ezagutu ditugun lagunekin bazkaria egin genuen Marianaren etxean. Hemen argazki batzuk



JARRAITU IRAKURTZEN...

2014/04/04

Los fabricantes de la rebelión

Liburu baten izenburua da. 2001ean argitaratu zen Roland Denis venezuelarraren liburua. Guk Roland ezagutzeko eta liburua irakurtzeko aukera izan dugu. Aukera eta zortea, lehenengo eskutik Iraultza Bolivartarraren ikuspegi kritikoa jasotzeko aukera baitugu, azken 30 urtetan prozesuan barru-barruraino murgilduta egon den eta dagoen Roland-en bitartez.

Nor da Roland? Hemen lotura hauek.

Roland Denis, el "niño terrible" del chavismo.

!Qué belleza esos niños armados, ojalá fuera verdad! (23 de enero auzoko ekitaldi baten ateratako argazkiek sortu zuen polemikaren aurrean)

!Claro que hay corrupción!

Ehun ta piku idatzi Aporreak bildutakoak.



Roland beti egon da gizarte mugimenduei eta iraultzaren aldeko mugimenduei  lotuta eta gaur egun ere erreferentzia oso inportantea da arlo honetan. Berarekin aukera izan degu sortu berri den "Consejo Popular Revolucionario" asanblea edo bilera batean egoteko. Venezuela osotik etorri dira herri mugimendu, elkarte ta alderdi desberdinak. Bere izaera eta laister antolatuko diren ekimenen berri hemengo loturan daukazue.

Manifiesto del Consejo Popular Revolucionario
!No a la Guerra Civil, Todo el Poder para el Pueblo!!

Atzoko batzarran mobilizaziorako datak aldatzea erabaki zen (astesantua hemen ere, noiz kenduko dugu gainetik gurutze hau!) eta tartean herrietan plataforma hau zabaltzen eta erreibindikazio gutunak egiten jarraituko da. Maiatzaren 1ean hasi Caracaseko mobilizazioarekin eta Tachira aldera izango da martxa bi zutabeetan. San Cristobalen bi eguneko ekitaldiak izango dira ondoren.

Batzarrean konturatu ginen egoeraren larritasuna norainokoa den, alde batetik burgesiaren eta inperialismoaren erasoa ez da berez gobernuko eta armada bolivartarraren ekimenez soilik geraraziko, eta bestetik estatu aparatuen barne kontraesanak, hau da korrupzio historikoa besteak beste, sakontzen ari da. Egoerari buelta emateko ezinbestekoa izango da herri iraultzailearen indarrak berraktibatzea ahal den azkarren eta horretan hasi dira lanean.

Gu, gaur Caracasetik Aragua estatura mugituko gara hango esperientzia batzuk ezagutzera. Hurrengoan ea ba zerbait kontatzen dizuegun.
JARRAITU IRAKURTZEN...

2014/04/02

"Lo imposible es lo que nosotrxs tenemos que hacer...

...porque de lo posible se encargan los demás todos los días". Hori irakur dezakegu 23 de enero auzoko horma batean. Ezin da hobeto laburbildu azken 25 urteko Venezuelako bilakaera historikoa, are gehiago azken 200 urteetakoa edo zergatik ez, azken 500 urteetakoa ere. Esplotazioari, bazterketari,  goseteari eta miseriari esperantza, utopia eta borrokarekin erantzuten zaio. Agintekeriari, hierarkiari eta obedientziari herri antolaketa, parte hartzea eta insumisioarekin erantzuten zaion bezela. Kapitalismoari sozialismoarekin erantzun behar zaion moduan, ez dago beste aukerarik. Hori da gaur egun ondo ikasia duten ikasgaia Caracaseko auzo hauetako herritarrak. Izerdia, odola eta heriotzarekin ikasi duten ikasgaia.


Duela 25 urteko otsailaren 27an giza leherketa izugarri bat gertatu zen Venezuelan. Caracaseko auzo txiroetan (3 miloi pertsona bizi ziren miseria eta bazterketa larrian garai hartan hiriburuan) eztanda egin zuen herriaren desesperazioak. Nazioarteko Diru Funtsak Carlos Andres Perez lehendakariaren bitartez ezarritako neurri ekonomikoei herriak janarien eta beste ondasunen expropiazioarekin erantzun zion. Hasieran era kaotiko eta indibidualista  batean izan bazen ere, ordu gutxi barru era kolektiboan eta konszientean antolatzen hasi zen. Ez zen denborarik izan gehiagorako. Errepresio basatia 28ko arratsaldean hasi eta hildakoak eta desagertuak milaka izan ziren. Zenbat ez da inoiz jakingo, batzuk 3000 diote, beste batzuk 10000tik gora.

23 de enero auzoko Coordinadora Simon Bolivar bisitatu dugu. "Bere egoitza armadaren kuartel bat izan zen " esaten digu bertako arduradun batek. "Hor kanpoan ikus ditzakezue oraindik bi garita. Ez ditugu kendu, herriaren memorian gera dadin zer gertatu zen hemen. Hau tortura zentro bat zen, auzoko jende andana atxilotu eta hona ekartzen zuten". Auzoaren historia kontatzen digu, "rantxoz betetzen joan zen inguru hau 50 hamarkadarako ta Marcos Perez Jimenez Diktadoreak proiektu bat martxan jarri zuen, 52 eraikin erraldoi egin eta auzoko jendeari alokatu-saltzeko. Eraikin bakoitzean 140 familia sartzen ziren. "2 de diciembre" deitu zioten auzoari, militarrak bera Lenhendakari  izendatu zuten eguna, hain zuzen. Baina urte batzuk beranduago, 1958ko urtarrilaren 23an kargutik kentzen dute. Auzotarrek ez dute zalantzarikegiten eta beraiek 23 de enero bezala berbataiatzen dute auzoa". Gaur egun hori da auzoaren izen ofiziala.

Auzotarren lanaren emaitza eta bilgunea da Coordinadora. Bertan egiten dituzte Consejo Comunaleko bilerak. Eraikin honetan, alfabetatze eskola, liburu-denda, albaitaritza zentroa, informatikako gelak, "al son del 23" irratia... kokatzen dira. Bisitatu dugun egunean "elikadura misio"ko kamio bat zegoen oilaskoa salneurri merkean saltzen bizilagunei.

Coordinadorako eraikinaren hormetan eta inguruko beste askotan hormirudi politikoak ugari dira. Horietako askok beste herrietako borrokak irudikatzen dituzte. "Guk badakigu ze garrantzia duen gure borroka ezagutaraztea, hemen eta nazioarte mailan ere, borroka globala baita azken finean, forma eta espazio ezberdinetan inperioak eta neoliberalismoak erasotzen gaituztelako. Horregatik ikus ditzakezue beste herrietako borroken irudiak hemengo hormetan". Eta horietako askok Euskal Herria dute erreferentzia.




JARRAITU IRAKURTZEN...