2013/10/05

Kuba (III)

GUDARI EGUNA: "Ez dago iraultza sozialistarik biolentziarik gabe"

Ez dugu guk esaten. Gaur, irailak 27, Santa Claran gaude. Baina inoiz baino gehiago Euskal Herria dugu gogoan. Duela 38 urte Txiki, Otaegi eta Frap-eko 3 lagun fusilatu zituen Espainiako faszismoak. Laister duela 45 urte Che Guevara akatu zuten Bolivian. Ernesto Guevararen mausoleoan, bere hilobiaren aurrean, gaur, irailaren 27a, zirrara hunkigarri bat sentitu dugu, Bi klabelin gorri zeuzkan albotan, eta sua pizturik aretoaren erdian. Euskal Herrian Txiki, Otaegi eta eroritako gudari guztiak izan dituzten bezalakoak. Klabelin gorri berberak, sugar berberak, amets berbera, borroka berbera, etsai berbera. Kuban gaude, halere etxean sentitzen gara. Sozialismoa delako gure etxea, herri libreak nahi ditugulako Latinoamerikan eta mundu osoan. Che-ren eredua bide horretan zeruan piztu den beste izar gorri bat delako.
  
Che eta Bolivian eroritako iraultzaileen mauseoleotik atera garenean, plazaren bestaldetik segurtasuneko militar gazte batek dei egiten digu. Hurbildu eta 58ko iraultzan eroritakoen hilerria non dagoen esaten digu. Bisitatu ondoren hizketan hasten gara, eta euskaldunak garela esan orduko zera esaten digu:"no tengo ninguna duda, los vascos conseguireis la independencia". Kuba 54 eguneko haurtxoa dela dio jarraian, eta ez duela dudarik urte asko beteko dituela. "Fidel joango da baina hemen gaude gu, iraultzaileak, sozialismoa eraikitzen, komunismoaren bidean". "La burguesia nunca va a ceder, por eso no puede haber revolucion socialista sin violencia". Garbi du burges demokrazia, alderdien sistema, herria menperatzeko beste modu bat dela, burgesiari hobeki datorkiena koiuntura zehatz batzuetan, besteetan diktadurak lehenetsi izan dituzten antzera.

 "Kanpoan dugu etsaia, blokeoa hor dago, ekonomikoki ito egin nahi gaituzte, baina barruan ere etsaia dugula ez dugu ahazten" Horregatik da hain garrantziitsua segurtasuna, dio. "Duela zenbait denbora, hor barruan bi lehergailu jartzen saiatu ziren. Noski dagoela kontrola eta errepresioa sektore hauekiko, baina zeuen burges demokrazietan langileen aurka ematen denarekin alderatuta, hemengoa oso biguna da". Kubako iraultzak ekarri dituen onurak laburbiltzen dizkigu, gure bidaian hainbat aldiz entzundako berberak: hezkuntza, osasuna, justizia soziala, segurtasuna..."baina ez ahaztu, iraultza oraindik haur txiki bat da". Kanpotik inpresio hori hartu dugu guk ere. Agurtzeko ordua iristen da. Urrutiratzen ari garela azken begirada botatzen diogu elkar. Ukabila altxatzen du. Berdin erantzuten dugu.


FRANCISCO MARTINEZ: Camilo Cienfuegos eta Ernesto Guevararen inguruan. 

Santa Clara, Gaueko 9etan Parke edo Plaza nagusi historikoaren kafetegiko terraza batean eserita gaude. Barrutik adineko musika talde baten doinu kubatarrak ozen iristen zaizkigu. Aire magiko bat sentitzen dugu inguruan. Ederra da plaza, ederra da ikusten ari garen giroa, jendea parkeko eserlekuetan hizketan, bikoteak, familiak... Gure ezkerrera Jauregi eder eta handi bat. Bertatik 1959ko urtarrilaren 6an Fidel Castrok Villa Clara probintziako biztanleen aurrean iraultzaren garaipena ospatzeko eta herritarren parte hartzea eskertzeko bere lehen diskurtsoetako bat eman zuen. Eskubira eta jauregiaren aurrez aurre Santa Clara Libre hotel erraldoia.

Kafe bat hartzen ari garela adineko gizon bat zigarro bat eskatzera hurbiltzen da. "Euskaldunak! Begira, badut lagun euskaldun bat,kubatar batekin ezkonduta dagoena eta urtean bi aldiz etortzen direnak". Kuaderno txiki bat ateratzen du poltsikotik, ohar eta izenez idatzitako orrialde batzuk pasa ondoren: "hemen, Roberto Zabalegi". Erakusten dit eta bere helbidea ere azaltzen da. Fitero. "Restaurante bat dauka han Fiteron, baina urtea amaitu baino lehen etorriko dela esan zidan"

Ea zerbait hartuko duen gurekin galdetu eta eseritzera gonbidatzen dut. "Nahiago dut nire trago hortan gastatuko duzuna niri ematen badidazu. 88 urte ditut eta ez dut ezer kobratzen. Mania saltzen atera behar ditut sosak. Nire ama orain ospitalean dago, ezin da mugitu, itsu dago, baina laister ekarriko dute berriro etxera. 110 urte ditu". "Lehen kobratzen nuen erretiroa, nire emazteak eta amak ere bai. Hiruron artean 1000 peso inguru genuen hilero, baina gero dena kendu ziguten, legea aldatu zutenean" Harrituta begiratzen diogu. Bere amaren adinagatik alde batetik eta erretiroarenagatik bestetik.

Berak nola bizi izan zituen Che Gebarak zuzendutako indar iraultzaileak Santa Klara bereganatzea 58ko abenduan galdetuta, irriparre bat bota eta pixka bat gehiago hurbiltzeko esaten digu. "Abenduaren 28a zen. Gu gauden toki honetan, izkina honetan, goizeko 5etan Che eta beste lau iraultzaile zeuden eserita. Hiria hartuta zegoen ia, baina hotelean oraindik 4 frankotiratzaile zeuden. Hauen plana, iluntzean ospatu behar zen afari herrikoia aprobetxatuz, herritarrak tirokatzea eta triskantza sortzea zen. Goizeko 7etan Chek bere lagunei hotelera dihoala eta bere abisuaren zain egoteko esaten die. "Estas loco, como vas a entrar tu solo a un lugar que controlan los de Batista". Che-k berriz, berari uzteko eta lasai egoteko. Badoa hotelera atzeko partetik eta "Libreta"ko langileari galdetzen dio ea zein logelatan dauden frankotiratzaileak. Hoteleko langileak ezin diola informazio hori eman esan ondoren, Che-k bere identifikazio txartela erakutsi eta langileak: "a sus ordenes mi comandante". Plana berehala prestatzen dute. Gosaria 7:30etarako eskatuta dute eta Che kamareroz jantzita badoa gosariak daramatzan gurditxoarekin. Bertan izkutatuta bere pistola. "¿Quien es? “El camarero. Les traigo su desayuno". Atea ireki eta beste hiru gizonak ohean eserita daude. Fusilak paretaren kontra jarrita. "Pongalo alla al fondo" Esandako tokira joan eta pistola hartzen du arin. "Ni se muevan, sino son hombres muertos"

Franciscok ez du Fidel gogoko, bera ez da sozialista, Batistarekin hobeto bizi zela dio. Horixe bera izan zen Camilo Cienfuegosen galbidea. Fideli esan omen zion berak ez zuela sozialismoan sinesten. Honen harira, handik hilabete gutxira, 59ko udazkenean, Fidelek Camilori Camaguey-en lan bat egin behar zuela esan omen zion. Zein zen lan hori galdetuta hara iristerakoan esango ziola erantzu zion. Hori eginda Camilo hegazkinean atera zen Camagueytik Habanara baina gaur arte ez da agertu. Bertsio ofizialak itsasora erori zela dio baina berak ez du hori sinesten. "Hor ibili ziren egun askotan hegazkinaren bila itsasoan. Itxurakeriak"

Camilo Cienfuegosen pasarte berri bat kontatzen digu. Batistaren general ospetsu batek gidatzen zituen tropak errenditu ondoren, aurrez aurre aurkitzen dira. "A mi puede hacerme lo que quiera, pero a la tropa no la ejecute, dejelos que no son mas que humildes campesinos que no tienen culpa de nada" Eta Camilok: "Usted me demuestra que es un caballero. Vayan todos a sus casas, usted tambien"

Che-rengana bueltatu eta Santa Claran Batistaren tropez betetako trenaren deskarrilatze ospetsua kontatzen digu. Tropa hauek Santiagora zihoazen. Badu Franciscok begirunea Che-rekiko.

Seme-alabarik baduen galdetuta istripu lazgarri baten berri ematen digu. "Lau seme-alaba nituen, baina tren istripu bat gertatu zen Santiagorako bidean. Trena zubi batetik bera erori zen ibai batera. 50 bat lagun hil ziren, nire lauak tartean" Ikaragarria dela diogu eta honela erantzuten digu begirada galdu batekin: "Txakurrak lau hanka ditu eta denak doaz beti bide beretik" Bere "kontsumizioa" ordaindu eta agurtzen gara. Merkeegia izan denaren sentsazioarekin goaz.

KILOMETRO KONPARTITUAK

 Ez da lehen aldia errepidetik goazela,  gure aldamenean txinatar bizikletaz doan kubatar baten konpainia izatea. Aldamenetako herrietara, lanera, lurra lantzera... joateko erabiltzen dute bi gurpileko garraio hau.
Gehienak harrituta gelditzen dira guk modu honetan bidaiatzearekin, batzuentzat astuna egiten baita bizikleta (kontuan eduki ez dutela kanbiorik errepideak goranzko bidea hartzen badu). Hala ere, ziur egon bidean beraien aldamenetik pasatzen  ikusten bagaituzte, ez direla atzean geldituko! Pedalei gogor eragiten hasi ta batzuk guri aurre hartuta zoriontsu dira. Beste batzuk aldiz, aita (pello) aurretik doala aprobetxatuz, aldamenean jarri ta horrelako galderekin hasten zaizkit:
- A donde vais a Varadero? (kubako leku turistikoenetako bat)
- No no, vamos hacia Cardenas.
 - (harridura aurpegia)  

Metro batzuk aurrerago: 
 - Y de donde sois? De España?
- Somos del Pais Vasco.
 -A, ya.
 - Sabes por donde queda?
- Pues… mas o menos (ezer gutxi)
- Entre España y Francia
- Aah, claro claro.

.  Hurrengo galdera normalean mota honetakoa izaten da:   

- Y el que va delante es tu marido?
 - Nik parrez, no no, es mi padre!

 Nire aldera gehiago hurbilduz, aitak ez entzuteko moduan, jarraitzen du.

 - Y tu no me podrias llevar contigo? Tu a mi me gustas.

Zorionez berak lan egiten duen lekura iritsi gara (Algortara, ez da broma eh! Algorta izena zuen toki hark, ta barkatu algortarrak)  ta badoa bidai ona opatuz

Honetaz gain, kuriosoa egiten zaigu distantzien kontua. 20 bat km-tara dagoen herrira goazela esan ta segituan hasten dira: "Hasta alla en bicicleta? Pero eso esta lejos, muchacho... Hay que dar mucho pedal!" Ta askotan beraiek ez dute ezagutzen guretzat bertan dagoen herri hori.
Beste kuriosidade bat, bizikletekin ikusten gaituztenean batzuk “Vascos, Vascos!” hasten direla da. Behin baino gehiagotan ezagutu dituzte Kuba bizikletaz egin duten euskaldunak.







EKAITZ TROPIKALA

Ekaitz Tropikala  Irailean bisitatu dugu Kuba, behe denboraldia turismoko industrian eta euriteen garaia aldi berean. Alde ona eta txarra pentsatuko duzue agian. Baliteke hala izatea batzuentzat baina guretzat biak izan dira abantailak. 



Behe denboraldia izaki, kubatarren artean ibili gara ia beti, nekazal eremuetan begirada guztiak gure gain genituen etengabe, erraza izan da jendearekin komunikatzea, eta abegi onez hartu gaituzte. Hirietan ere, ia turistarik gabe, antzera. Arazorik ez lo egiteko eta jateko. Lo CUC-etan, jan peso kubatarretan.

Eta eguraldia? Eskerrak etorri garela euriteen garaian. Bizikletaz eta euritan, nola liteke? Hemengo tenperaturak hauek izan dira egon garen hilabete osoan.. Gutxienekoa 22/23 goizeko 6rak aldera eta gehienekoa 32/33 arratsalde partean. Hor ez zegoen aldaketarik, egunero berdin. Aldatzen zena, eta guretzat inportanteena izan dena zera izan da: zeru estalia edo eguzkitsua egotea.

Hemen eguzkiak gogor jotzen du goizetik hasita eta hasiera batean tirantedun kamisetarekin ibiltzen bagina ere  laister jo dugu bizkarraldea, lepoa, besoak eta burua babestera. Horregatik diogu ona izan dela euriteen garaian etortzea. Egun askotan izan dugu zerua estalita, batez ere eguerditik aurrera. Horri gehitu euria aurreikusten dela nondik eta noiz datorren. Hasieran ekaitz hodei txuriak ikusten dira zerumugan, zerua laino txuriz estaltzen joaten da. Jira, bira eta elkartzen hasten dira ekaitz lainoak, poliki poliki kolorea iluntzen hasten da. Laister beltz-beltza jartzen da euri tanta suelto batzuk eta...azkar! estalpe baten bila, zaparrada badator eta. Hau egun askotan gertatu zaigu, arratsaldeko partean batez ere, baina sinestu ezazue, ez gara inoiz busti. Estalpe horrenpean pixka bat itxoin, gehienez ordubetez, eta aurrera.

Hori bai, kontuz orain putzuekin. Hala ere putzuen gaian adituak dira kubatar gidariak eta errespetu handia izan dute gurekin, holako bat sahiestu behar genuela ikusita beraiek frenatu eta pasatzen uzten ziguten.

Zortea izan dugu eguraldiarekin! "Txarra" egin baitigu.



GRANMAKO ALBISTEAK:


Urriaren 2a. Kubari buruzko informazioa jasotzeko gure iturri nagusiena eta ia bakarra kaleko jendea izan da. Hauek, egia esan, bere esperientzia eta ikuspegi pertsonala eskeini digute, oso partikularra eta partziala gehienetan. Horrela, beraz, ezin azterketa orokor eta seriorik egin Kubari buruz. Baina ez gara gu horretara etorri Kubara. Hori egiteko gure etxeko ordenagailuaren aurrean geratu eta interneten laguntzarekin azterketa sakonagoa egitea egokiagoa litzateke agian. Ez, guk testigantza zuzenak nahi genituen, subjetibitatez beteak eta biziak, ez politikoak soilik, eguneroko bizimoduarekin lotutakoak ere (bata eta bestea estu lotuta daude), exajeratuagoak eta zuhurragoak, erradikalagoak eta moderatuagoak, egi erdiak eta gezur osoak... jendea den bezala, bizitza bera den bezala. Ez gara etorri, testigantza horiek jaso ostean, gure azterketa serio bat egitera, ezta gutxiagorik ere, gero balorazio bat egiteko. Ikustera, entzutera, dastatzera etorri gara. Bost zentzumen badauzkagu saiatu gara bost tresna horiek topera erabiltzen, sentsasioz, sentimenduz eta maitasunez betetzera etorri garelako Kubara.


 Beraz telebista, irrati eta prentsa oso gutxi ikusi, entzun eta irakurri ditugu. Baina pixkabat bai eta badaude gauza kuriosoak aipatzeko. Hurrengo baterako utziko dugu. Gaurkoan ez dugu lagun baten testigantza. Horren ordez, gaurko etxeko gizonak (bere aita zegoen aulkitik altxa eta gu agurtzera etorri da, hil honetan 103 urte beteko ditu. Beste bat!) utzi digun Granma egunkaria hartu eta guri kalean arreta erakarri digun gai batzuekin, zuzen edo zeharka, lotutako albiste batzuk topatu ditugu.

 1- "El cuentapropismo extiende sus actividades" Ostegunean, irailak 26, Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioak hemeretzi arlo berrietara zabaldu zuen norberen kontura lan egiteko aukera (eraikuntza, telekomunikazioa, . etxegintza, nekazaritza arlokoak). Jada 200 baino gehiago dira aktibidade hauek. Albiste honen arabera, gaur egun 437.000 kubatar lan ez estatalean aritzen da (bere kontura), estatuaren sarreretan hauen aportazioa %2a delarik.
 2- "Por una vejez mas activa y util" "Catedra de adulto mayor" izeneko hezkuntzari lotutako albistea, 2000. urtetik martxan dagoen adineko jendearentzako ikasketak.
 3- "Bloqueo norteamericano afecta cardiologia pediatrica" Ameriketako Estatu Batuen blokeoaren eraginez oxido nitriko gasa ezin dutela lortu aipatzen da. Gas hau beharrezkoa dute biriketako hipertentsioa tratatzeko.
 4- "Mas de 300.000 angoleños alfabetizados con programa cubano" "Yo si puedo" alfabetatzeko metodo kubatar honek herrialde askotan praktikan jarri da jada (baita Sevillako auzo marjinal batean, honen berri hona etorri baino lehen banuen) eta arrakasta handia du. Gaur da Granma irakurtzen dugun lehen aldia. Eta lastima izan da sarriago ez egiitea, baina kaleak eta jendeak harrapatu gaitu.


  HAU BURUA! 

Gure bidai honetarako (ia urtebete luzatu daitekeena) hasieratik garbi genuen gauza gutxi ekarri behar genituela. Dirua ere ahal den gutxien gastatu behar dugula garbi dugun bezela. Garbi ez genuena zen nola mugituko ginen alde batetik bestera joateko. Bi aukera aztertu genituen baina ez genuen erabakitzen: autobusak erabiliz eta auto-stopa eginez edo bizikletak eraman eta gure kasa mugitu. Buruhauste galanta izan zen guretzat eta abiatzeko data baino 3 egun lehenagora arte ez genuen erabaki bizikletarena. Beraz korrika eta presaka egin behar izan genuen bizi-bidaiaren egokitzapena. Bizikleta bat lortu, herramienta batzuk ere... Presarekin oinarrizko gauza batzuk ahaztu zitzaizkigun ere, baina non problem, egun gutxirako arazo larria izan daitekeena holako bidai luze batean txikikeria da. Dena konpondu daiteke.

 Denbora eta praktika behar da gauzak ondo egiteko eta hortan ari gara. Bizikletaren arazoak konpondu, forma fisikoa lortu, gauzak ordenean eraman... Azken honekin buruhauste batzuk izan ditugu. Egunero esaten diogu elkarri etxe batetik atera aurretik: mobila hartu duzu?, ur botilak?, betaurrekoak?, hortzetako zepiloak? toaila?... Begiratu berriz ohe azpian! Orain arte nahiko ondo ateratzen ari zaigu baina izan ditugu bi deskuido. Lehena ura fresko mantentzeko ekarri genuen termoa. Hau konpondu dugu, gauean bi boteilla ur handi konjelagailuan sartzen baititugu eta hurrengo egunerako ur freskoa daukagu ziurtatuta. Bigarrena nire sandaliak izan dira. Etxe bateko ohe baten azpian geratu ziren. Hau ere ez da problema handia. Kubatarrek probetxua aterako diete eta ni moldatzen naiz geratzen zaizkidan zapatilekin. Hau burua!

iruzkinik ez: