2013/09/26

Kuba, bigarren zatia

TURISMOA, TXANPONAREN BI ALDEAK.

Esan genuen aurretik, Kuban hanka jarri orduko, kubatarra ez bazara behintzat, beraien sarrera ekonomiko garrantzisuenaren parte zara. Dibisak (CUC  - Ceuce, ahoskatuta) utziko dituen gizaki-makina. 

 Kuban bi moneta daude. Beraien soldata hilean 500 - 600 peso kubatarretan dago, hau da, 20 euro inguru. Hau, ordea, gauetik egunera bitarteko denbora tartean irabaz dezakete, horrela kobratzen baitituzte logelak gaueko. Beste moneta CUCa, turistentzat eta kubatarrentzat ere oinarrizkoak ez diren gauzetan.CUC 1 = 25 peso.


Ez  da irla osoa, noski, baina gero eta toki gehiagotara zabaltzen ari dira gune turistikoak. Guk ikasi dugu jada nola babestu geure burua, toki gehienetan estrategia antzekoak erabiltzen baitituzte. Agian jarriko dugu gida praktiko bat honen inguruan Kubako jira amaitzerakoan. Baina ez da hau kezkatzen gaituena, nahiz eta askotan oso astunak diren egoerak eta harremanak toki hauetan. Gu joango gara baina kubatarrek aurre egin beharko diote arazo bihurtzen ari den honi. Turismoak askotan dakar desoreka izugarri bat bertako biztanleriaren artean, beraien arteko harremanak aldatzen joaten dira eta balio indibidualistak zabaltzen ari dira, balio sozialen alde urteetako ekimenak denbora gutxian zapuzteraino. Gero eta jende gehiago erlazionatzen da turismoarekin edota komertzio txikiarekin eta diferentzia sozialak sortzen dira.
 
Adibide bat jartzearren ikusgarria da nola zabaldu diren logelak alokatzen dituzten etxeak gune turistikoetan, eta nola borrokatzen duten elkar turistaren ehizan. Lehia honetan ia denak balio du, oso bitxia da gune turistikoenetan logelen prezioak eremu ez turistikoen aldean merkeagoak izan daitezkeela ikustea. Eskeintza eta eskaeraren desoreka, merkatu kapitalistaren legea nagusitzen ari da. Ez ditugu ezagutzen gobernuaren legeak eta neurri zuzentzaileak, beraz ezin dugu balorazio handirik egin, baina arlo honetan ikusten ari garena deigarria egiten zaigu.


BIDEGURUTZEAN

Cienfuegosen gaua pasata atera gara eta 10-15 km egin ondoren, bidegurutzea: Trinidad ezkerreko bidetik, Rancho Luna eskubitik. Güines-eko gure lagun txirrindulariek aipatu ziguten toki hau. Hondartza lasaiak, natura, arrain freskoa jateko aukera...  

Cupet (gasolindegia) bat dago bidegurutzean eta une honetan gure bizitzako erabaki garrantzitsuena denez bizikletetatik jaitsi, mahai batean eseri eta barne hausnarketari ekiten diogu.Gero bakoitzak botatzen du hausnartutakoa, baina ez dugu ia eztabaidatzen. Kasu honetan ados gaude. Beste batzuetan ez da hala izaten. Hala izanik ere, ez dugu batere arazorik. Konfiantza osoa dut Malenengan. Harrigarria da duen instintoa eta gauzak aurreikusteko gaitasuna. Une zailenetan duen patxada eta lasaitasuna eraman nau konfiantza hori izatera.  Eta arraroa da Malenek huts egitea bere erabakietan.  Bion izaeraren dialektika honek sinbiosis berezi bat dakar eta eraldatzen du bakoitzaren nortasuna eta jarrera. Onerako, noski. Beraz, gaurkoan, Rancho Luna.

Ezin zitekeen bestela izan. Gaueko ordu hauetan erabaki dugu beste egun bat pasako dugula paraje honetan. Bizikleta ez dugu bazter batean  utziko, baina kargarik gabe eta inguruak disfrutatuz km gutxi batzuk egingo ditugu. Plazerrerako soilik erabiliko ditugu bihar.

Gaurko gauza kurioso batzuk:

        - Izurdeari (delfinarioan) muxu ematea 20 CUC
- Beraiekin bainatzea 50 CUC
Ez gara ausartu (dirua horrela gastatzeko ez gaudela prest esateko modu dotorea da) jakin gabe arrari edo emeari, nori ematen genion muxu.
 
- Sartu garen etxeko familiaren arteko elkarrizketa (gu sukaldean geunden bazkaltzen):  "Estos cubanos que tienen tanto dinero, casas y carros en Cuba, no se porque se van a Miami, si pueden vivir tan bien aqui. Yo entiendo a los que  tienen poca cosa y salen a mejorar. Pero esos que tienen tanto y cada dos por tres estan aqui alardeando de iphone 5 o no se que, y despotricando de Cuba, a que vienen si estan tan bien alla".
 
- Goizeko 10ak aldean bide ertzean gurdi baten azpiko itzalean etzanda dauden bi gizonezkoetako batek dei egiten dit bizikletarekin pasatzen ari naizela:        - Ey! Tienes un poco de ron? Buelta  erdia eman eta ura besterik ez dudanez, horixe eskeintzen diot.    - No gracias, con eso no se me pasa la resaca.
Belarra mozten ari ziren, sakutan sartu, gurdira igo eta gero 7 peso ordainduko diete kiloko erregaia egiteko. Horretan lan egiten dute.    - ¿Trabajais muchas horas? galdetzen diet.    - No, hasta las doce. Despues descansamos hasta mañana. Y asi todos los dias. Gero gure bidaiarena komentatu eta:    - Prefiero lo mio, lo vuestro si que es trabajar. Ikuspuntu desberdinak.


ROSA

Gaurkoa adibide on bat bezela idazten dugu. Egunero gure "lanetako" bat logela bat aurkitzea izaten da. Ez da lan zaila. Normalean norbait azaltzen zaigu galdezka ea behar dugun. Hauek gero komisio bat kobratzen dute. Nekazal herri txikietan ez, orduan gu galdetzen dugu, eta laister "konpontzen" dugu (resolver, beraien hizkuntzan).   Etxe hauek ugariak dira turistak ibiltzen diren tokietan, beste tokietan askoz ere eskasagoak. Etxe ofizialei buruz ari naiz, estatuari zerga bat ordaintzen dietenak. Badago jendea legalizatu gabe alokatzen dutenak, eta mesedez eskatzen dizute inori ez esateko non zauden, edo familiako lagunak garela esateko norbaitek galdetuz gero. Polizia ohartzen bada 1000 edo1500 CUC-eko isuna jartzen dietela diote. Legeak ziurrenik hori jasoko du, baina deigarria egiten zaigu edozein herritan jende guztiak dakiela etxe horien berri eta naturaltasun guztiarekin esaten dizute nora jo.Etxe ofizialik gabeko herri batean CDR bateko arduradunari galdetu genion eta berak bidali zigun zuzenean hauetako batera. 



Normalean etxe hauetan (ofizialak eta ez ofizialak) saiatzen dira konbentzitzen denbora gehiago egin dezazun, edota bertan afaldu eta gosaldu dezazun. Badaude pelma hutsak eta badaude bigarren ezetzarekin etsitzen dutenak. Baina salbuespenak dira jatorrak direnak eta aipatu ere egiten ez dizutenak. Kasu arraro hauetako bat da Rosarena Rancho Lunan. 

Berehala ohartzen zara gainera. Ohikoa da nongoa zaren galdetu ondoren, lehenengo aldia den Kuba bisitatzen duzun galdetzea. Negoziazio eremua tanteatzen ari dira. Betikoa eta ezaguna.  Rosaren etxean oso gertuko harremana izan dugu. Onena da hasiera hasieratik adostea baldintza guztiak argi eta garbi. Gero ez egoteko gaizki ulertzerik.  Etxeko sukaldean egin ditugu otorduak, gaueko telebistako albisteak etxeko familiarekin ikusi eta komentatu ditugu eta asko hitzegin dugu beraiekin. Ez da ohikoena.  Rosa eta bere familia oso gustura daude Kubako gaurko egoerarekin. Badakite ekonomikoki nazioartean bigarren edo hirugarren mailakoak direla, baina juxtu horrexegatik baloratzen dute gaur egun dutena. Rosak asko hitzegin digu Kubako osasun sistemari buruz, nola antolatzen den eta duen kalitateaz. Bere inguruan ezagutu dituen adibideak jarri dizkigu. Benetan txalotzekoa. Berari dentadura osoa konponduko diote. Eta debalde aterako zaio.


HAITIN HOBETO BIZIKO GINATEKE 

Bazen garaia. Kezkatzen hasiak ginen. Hamazazpigarren eguna Kuban eta orain arte inori entzun gabe bertako egoerari buruzko kritika irekia. Gaur gertatu da errepidean.  


Lau langile topatu ditugu eguerdiko 12:00etan eta eguzkiak topera zigortzen gintuen, baina eguneko helmuga nahiko gertu genuen, 8 bat km. Trinidadera iristeko. Geratu arazi gaituzte, literalki. Errepide erdian jarri eta eskuekin geratzeko agindu.  Hasiera batean abisuren bat eman behar zigutela uste izan dugu, errepideko 500 bat metro asfaltatu berria baitzegoen.

Baina ez. Enegarren aldiz espainolak ez garela konbentzitzeko betiko erretorika bota ondoren, hor non langileetako batek ea logela behar dugun Trinidaden hasi zaigu. Laister etsi du eta bide bazterrean zegoen asfalto makinaren itzalpera erretiratu da (ez baita hain erreza gerizpe bat aurkitzea Kubako errepideetan).  Eta orduan hasi gara ika-mikan beste hirurekin. Gosea pasatzen dutela, duten soldatarekin ez zaiela iristen behar den bezala jateko, medikuen arreta ona izateko mahai azpitik txerritxoren bat edo oiloren bat pasa behar zaiela, mugikorrak eta telefono fakturak oso garestiak direla, korrupzioa maila administratibo guztietan ohikoa dela (Cubavisionek gaur bertan gai honen inguruko programa bat zeukan, baina ez dugu aukera izan ikusteko), jubilatzeko lege berria jarri dutela eta orain 65 urtekin eta  30 urte lan egin  behar dela pentsio osoa kobratzeko, lehen 60  urtekin zenean...

Bukatzeko eta laburpen gisa: "Haitin gu baino hobeto bizi dira". Hemen parrea ezin izan degu irentsi.  Beraien ustez kubatarren %90a iritzi berekoak dira Ez da momentuz gu jaso dugun inpresioa, baina tira, gu ez gara gai egoeraren azterketa sakona egiteko, informazio zehatza falta zaigulako. Ikusi duguna da iraultza sozialistaren alde dauden guztiek akatsak onartzen dituztela eta hobetu beharreko gauzak badaudela. Nahiko adibide zehatzak eta argumentu logikoak erabiltzen dituzte. Gaurkoak nahiago dute Haitin bizi.
 
Beraien iritzia ere erabiliko dudala hurrengo elkarrizketetan esan diet. Iritzia bakarrik, ez non jaso eta nortzuk ziren iritzigileak.Txantxa batzuk egin ondoren honen inguruan bostekoa eman eta bidea zabaltzen digute.  Arratsaldeko ordubiak pasata dira Trinidadera iristen garenerako.






KALE GARBITZAILEA 

Goizean Trinidaden bueltaka ginela, barrendero batek:

- ¿Me das candela? (sua, zigarroa pizteko)


Ez dugu aukera galtzen elkarrizketa hasteko.  Harritu egin gaitu duen adinarekin gurditxo eta erratzarekin kaleak garbitzen ikustea. 73 urte ditu eta jubilatua dago. Baina pentsio eskasa izanik lan honekin osatu beharra dauka.

-Beste inork ez du lan honetan aritu nahi eta gazteek nahiago dute "negozioetan" aritu.- 

Bere garaian nekazaria izan zenez, nekazaritzari buruz ere hitz egin dugu ta guztiz galduta dagoela dio,  lan gogorra izanik (makinen faltan, eguzkipean matxetearekin ibili beharra, soldata exkax baten truke) baztertuta dago.

- Garai batean egoera askoz hobea zen, hazienda ugaria,soldata hobea... baina gaur egun, gobernuak haztegi intentsiboak bultzatzen ditu. Horrek mendiak sasiz beteak egotea dakar. Gainera, sasiak erretzea debekatuta dago.- Gaur egun egoera tamalgarria dela dio

Goizeko lana bukatuta bere bilobari bazkaria eraman behar dio eskolara. Izan ere haurrek, 6 urtetatik aurrera, goizeko 8etatik arratsaldeko 4ak arte (8 ordu guztira) daukate eskola, eta ondoren etxean ikasgai guztietako etxekolanak,, ume batek esan zigunaren arabera. Bazkariarena, modu ezberdinetan egiten dute; eskolan bertan, gurasoek eguerdian eramandakoa janda, edo oso urruti bizi ez badira etxera joaten dira bazkaltzera.  Eskolarako bidea berriz, guaguan (autobusa), bizikletan (txinakoak dira ia denak, sinpleak, kanbiorik gabekoak) edo zaldi-gurdian egin ohi dute.  


Kale garbitzaileak laister bukatzen du goizeko txanda, ordu erdi barru (hamaika terdietan) ta joan beharra duela dio, ordubatean hasi behar duelako arratsaldekoa, bostak arte.

1 iruzkin:

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

kaixo malen eta pello noski!..malen egun hauetan saiatu naiz zuri deitzen baino deiak desbiau iteitu mobilak..saiatu naiz konfiguraziua ta aldatzen..ta aer deitziadakaten..gaur deitukoizut seguruna..bestela ba itxoitea urrirarte(asko ez da falta ya egia esan)..zurekin gehio naet hitzein maitia..ta asko poztu zin aurrekuan esan zenixkian hitz goxo hoiek..egi polit hoiek..hau da, nerekin amesten jarraitzezula..nike bai(a ta mensajia espero irakurri zenula, mobilea bidalitakuak)..zer da urte bat ba azkenian?denbora..eramangarrio o gogorro, luzeo edo motzo..hori dana erlatibua da..pertsonan araberakua.Honekin esan naetenea da gure eskutan daola neurri handi baten denborari ematen dioun esanahia..ondo ondo pasa azken egunak Kuban!gora iraultza kubatarra!patria o muerte!..aa ta ezdakit hemenguataz zenbateko informaziua dakazuen..baino gaur 30-09-2013 hemen Euskal Herrian 18 herrirako kide atxilotu ditue..por supuesto enaltecimiento del terrorismo..ale pareja ondo segii ta zaituu!