2014/01/29

La flor más linda


Carlos Mejía Godoy-ek eta Palacaguinakoak ez zuten alperrik esaten iraultza garaietan bere kanta ezagunenetakoan "Ay Nicaragua, Nicaraguita, la flor más linda de mi querer..." Ederra baita benetan lurralde hau. Nahiz eta bertako batek guk bagenekiena argi esan, "solo vais a conocer la cuarta parte del país". Bai, halaxe da, ertamerikako karibeko aldea ezagutzea ez baita hain erraza, lurretik joatea askotan ezinezkoa da edo denbora eta azpiegitura bereziak eskatzen dizkizu, eta guk gure mugak ere baditugu.

Baina ezagutzen ari garenak soberan betetzen ditu gure aurreikuspenak: lautadak, sumendiak, mendiak, lakuak...naturaren ikuspuntutik bisitatzea merezi duen herrialdea. Gainera momentuz turismoaren enpresa handiek ez dute bere hatzaparrekin gehiegi izorratu panorama hau.






Horretaz gain, gu biontzako aurreko herrialdeak baino askoz ere lasaiagoa izaten ari da hemengo bira. Agian bi gauza berdintsu mantentzen dira, txirrindularienganako bus gidarien errespetu falta eta gizon gazteen matxismoa. Hori kenduta inpresio ona jasotzen ari gara. Jendea irekiagoa da gurekin, zaborra ez da nonahi ikusten eta generoaren inguruan ikusten da emakumeen eskubideen aldeko mugimendua badagoela.
Euskaldunen inguruan ere zertxobait gehiago badakite hauek, iraultzaren garaietan hemendik ibili ziren internazionalista euskaldunen lanari esker. Hemengo udaletxe atari batean zerbait galdetzea joan garenean, bertako langileak agurtzerakoan zera adierazi digu garbi asko: "sois vascos". Gure harridura azaldu dugunean hau bota digu: "acá somos muy solidarios con el País Vasco, buena suerte compañeros". Hitz gutxi hauekin, zer gehiago esan daiteke?

Nicaraguan Daniel Ortega lehendakaritzan dago bere bigarren legegintzaldian. Hau ez da Venezuela, adibidez, eta berehala konturatzen zara. Bertako jendeak dio luzerako dagoela Daniel gobernu buru, onerako eta txarrerako. Onerako gehiago txarrerako baino dirudienez. Nicaraguako edozein bazterretan ikusten dira Daniel Ortegaren irudiarekin batera FSLNren politikaren  gaurreguneko 3 lelo nagusiak hurrenkera honetan: "Nicaragua Cristiana, Socialista y Solidaria". Antza handia hartzen diegu El Salvadorren eta Nicaraguaren ibilbidei, eta antzeko politikak dituzte bi herrialde hauek. Guri dena ez gustatu arren badirudi herriarentzat gauzak hobetzen ari direla. Zer emango duen bide honek denborak esango digu. Ea ba!


CARLOS FONSECA
Matagalpan jaiotako borrokalari nikaraguarraren jaiotetxean dagoen museoa bisitatu dugu. Bera FSLNko sortzailea izan zen eta borrokan hil zuten. Hona hemen museoan ateratako argazki batzuk.





LA BIOSFERA
Warmshower bitartez ezagutu dugu toki interesgarri hau Jinotegan. Basoen defentsan eta permakultura ildoa jarraituz proiektu  interesgarria bultzatzen ari da Suzanne, Bufalokoa den estatubatuar emakumea. Zailtasunak zailtasun berak ez du etsitzen eta bere etxetik bisitari eta bolondres asko pasatzen dira, zertan ari den ezagutzeko edota bere lanari bultzada eta laguntza emateko. Gu egon garen 3 egunetan hori ikusi dugu. Baionako Cyrile, bertan geratuko den nika-estatubatuar mutila, suediar beste mutil bat, austriar bat, australiar bat... Bertan asko hitzegin dugu elikaduraz, sukaldaritzaz, bizitzaren filosofiaz...eta ezin aspertu. Suzanne espiritualtasun handiko emakumea da eta zera erakutsi zigun: Mayen horoskopoan Ilargiaren hazi horia dela Malen eta ni (Pello) tximino urdin elektrikoa (!?) Anekdota bitxia ere kontatu zigun: Berak txikitatik izan du euskaldunen inguruko interesa. Gu joan baino 3 aste lehenago, bihotzkada moduko bat eduki zuen. Estatu Batuetan bizi den bere ahizpa bikiari idatzi zion "badatoz euskaldunak"  eta gure mezua jaso zuenean bihotzak bira bat eman zion. Liburu bat ere badu euskaldunei buruz. Oso gustora pasa ditugu egun hauek bere etxean. Hau da Suzanneren bloga.



Neumatiko tiraz eginiko ohea. Benetan erosoa!

Egongela

Cacao-rekin. Leiala eta zintzoa


Suzanne, bere uren proiektua azaltzen. 

Kobazulo honetan sortzen da erreka

Basoko suite-a.


Gure agurra


RUBEN DARIO
Ciudad Darion (lehen Metapa) jaio zen kasualitatez espainiar literaturaren idazle ezagun hau. Bere jaiotetxean dagoen museoa ere ikusi dugu. Hemen bertako argaki batzuk.




__________________________________________________

BESTE ARGAZKI BATZUK

Pentsakor


Nikaraguako kafea, kubakoaren pare (ederra!)

Ibaian erropak garbitzen

Kotxeak baino, bizikletak gehiago ikusten dira

Ze zuhaitz da hau?




Chinandega

Azoka

Bizi-taxiak

Ilunabarra

Ganadu gidariak

Sumendiaren arnas-bideak

Zaldiak ura garraiatzeko 

Etxeko maskota

Egunsentia sumendi bidean

Ari gara tontorrera hurbiltzen

Azufre usaina

Barruan laba ikusten zen

Iraultzaren lekuko

Tontorrean

Arazoak autobusean?

Arrozalak

Kafe lantegi ugari 

Azken aldapa ezin igo

Jinotegako azoka

Jinotega, goitik begiratuta




1 iruzkin:

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Inbidi ederra ematen dezue. Ta poza, bizipoza! oso gustura jarraitzen zaituztet. Milesker gurekin partekatzeagatik.

Dudik gabe, unibertsitate onena aukeratu den, Malen!

Gurutze
(andereño... Oteitzakua :D)