2013/11/10

"La voz de Alejandro"

Alejandro Diaz Santiz bakarrik geratu da, edo ia bakarrik. Bere ondoan beti dago Fredi, nahiz eta bera oraindik ofizialki ez dagoen "Solidarios de La Voz del Amate" taldean. Gaur, San Cristobaletik gertu dagoen "El Cereso 5" espetxean sartu garenean biak zeuden Alberto Patishtan eta bere taldekoak egoten ziren txokoan. Tejabana baten azpian mahai luze bat eta 12 bat aulki. "Aulkiak soberan daude" pentsatu dugu Malenek eta biok, "No estamos todxs" Lakandonako Ohianeko VI. Adierazpenaren alde dauden presoen aldeko taldeko beste hiru kideekin sartu garenean. Ez da horrela izan baina, orduak aurrera pasa ahala denak bete baitira.

Eskua eman eta "No estamos todxs"-ekoak aurkeztu gaitu. "Son compañeros vascos" eta hor hasi gara hizketan. Gure presoen egoerari buruzko informazio pixkat emateko aukera ere izan dugu. Ez zeukan informazio gehiegirik eta hurrengo bisitan honi buruz hitzegiteko aukera gehiago izango dugu.

Hurrengo orduetan aulkiak betetzen hasi dira, bere abokatua etorri da, egoera judizial eta politikoaren berri ekartzera. Patishtanen irteerarekin daitekeena da "Solidarios de La Voz de Amate"-ko 3 presoen inguruko presioa handitzea eta irtenbide azkar bat izatea baina baita ere gauzak okertzea. Horren aurrean Alejandrok garbi du luzera joan daitekeela oraindik. "Nik Albertori esaten nion asko poztuko nintzatekeela bera ni baino lehenago aterako balitz, eta berak ezetz, nahiago zuela ni lehenago ateratzea, denbora gehiago daramadalako barruan. Nik orduan, esaten nion berak 60 urteko kondena zuela eta nik 29. Hor ibili ginen Albertok esan arte "ni tú ni yo vamos a resolver eso, dejémoslo ahí".



Gero hor azaldu dira Alejandroren emaztea eta 4 seme, 12, 8, 5 eta 3 urtekoak, Fraybako lankide batekin. Hauek gu gauden etxean daude ostatu hartuta baita ere ostegunetik, beraien herritik etorri baitira bisita egiteko. Igandera arte egongo dira eta datorren astean berriz dator Flor emaztea. Zenbat parre egin dugun egun hauetan txiki hauekin jolasean. Nahiz eta hiru txikienak gaztelera ez jakin, hor ibiltzen ginen harrapaketetan "Pukuj" "pukuj" esanez (Deabrua, deabrua! tzotzilez) eta elkarri kilimak eginez. Aulki guztiak bete dira dagoeneko.

Hori aprobetxatuz Fredirekin espetxe osoa ikustera joan gara. Baina lehenago nola sartu garen aipatu behar.
Espetxe honek harritu gaitu, guk  Espainiako eta Frantziako espetxeen erreferentzia ekarri baitugu. Ez da aurretik baimenik eskuratu behar, atarian aurkeztu pasaporteekin eta nor ikusi nahi dugun galderari erantzun eta barrura, besterik gabe. Kontuz ibili behar da, ordea, daramazun erroparen koloreekin. Kolore argikoak izan behar dira baina laranja kolorea ere debekatuta dago. Kolore ilunak debekatuta daude, arazo dexente kolore horiek gustuko dugunontzat. Ni (Pello) gaur zortez(?!) eta justu antzera sartu naiz. Zira beltz-gorriduna eta txaleko beige iluna bertan utziarazi didate. Honela Kamiseta gris argi batekin soilik geratu nahiz eta fresko egiten zuen. Galtza bakero urdin ilunak eraman ditut eta horiekin ez nintzela sartuko esan dit katxeatu nauen funtzionarioak. Horiek aldatzen banitu utziko zidala sartzen, bestela ez. Horren aurrean, nik garbi nuen kaltzontzilotan ere ez zidatela utziko eta banindoan kanporako ideiarekin, baina berehala aginte gehiago duen beste funtzionario bat azaldu da eta nahikoa izan da haren keinu bat egoera aldatzeko. Eskuarekin adierazi dio aurrekoari barrurako norantza. Hitzik esan gabe bidea erakutsi dit. Zer gertatu da? Nik garbi daukat konturatu direla ez ginela bisitari arruntak, eta salaketa publikoren bat ekiditeko hartu dutela azken erabaki hori.

Bestalde, bisitak goizeko 10etatik arratsaldeko 4ak arte izan daitezke. Gu hamaikak aldera sartu gara eta hiruretan atera gara.

Fredirekin hasi gara, beraz, buelta bat ematen bertako txoko ezberdinetatik. Ez daude bisitarako kabinak edo gelak. Kartzela osoa da bisita-gela eta denak nahastuta gaude, preso guztiak eta bisitari guztiak. Berdin egon zaitezke sukaldeko mahai batean zein txabolo batean. Sinestezina guretzat. Espetxe barrua herri txiki bat dirudi. Bi eliza daude, katolikoa eta ebanjelista, pelukeriak, abarroteko (janari) dendak, zurgintza eta erropa tailerrak. Saltzaile anbulanteak ere badaude, tabakoa, pastelak, artesania saltzen dutenak. Txaboloen aurrean presoek sukaldatzen ikusi ditugu, galerietan hamakak eta arropak egiten...
Baina gehien inpresionatu gaituena txaboloak izan dira. 4x3 metroko geletan 10-12 edo batzuetan 14 pertsona daude. 30zm-ko pasiloaren bi aldeetan, 4 "pisuko" literak. Behekoari "sotanoa" deitzen diote, berez lurra dalako eta presoen gauzak hor azpian sartzeko pentsatuta zegoelako; zapatak... 40 bat zentimetro izango dira hor lurretik sabaira, hor ere sartzen dira presoak lotarako.  Zenbat preso dauden espetxean Frediri galdetuta 500 inguru direla esan digu. Txikia da espetxea, patio itxiaren erditik 2 pisuko galerietara begiratu eta "ezinezkoa da" genioen. "Beno, denak ez dira sartzen, badago multzo bat pasiloetan lo egiten duena, txabolo barruan tokirik ez dagoelako" dio Fredik.


Fredirena ere surrealismoz betetako kasua da. Berak kontatu digu nola izan zen bere kartzelaratzea. Ikaragarria! Akosatu zion emakume batek biolatu zuela salatu zuen, ustez hori gertatu eta urtebetera (!!) jarri zuen salaketa. Frogarik gabe, lekukorik gabe, ezer gabe. Bi urte darama prebentibo bezela eta dirurik gabe utzi zuen "abokatu" batek bere aita. Aitak sumatu zuenean abokatuak ez zuela gauza handirik egiten, honek erantzun zion beste erdia ez bazion ordaintzen egoera okertu egingo zela. Ordaindu behar izan zion.

Alejandro, ez zuten "politikagatik" espetxean sartu. Salaketa faltsu bat eta Mexikoko egoera politiko eta judizial ustelak nahikoak dira milaka pertsona kartzelaratzeko inolako errurik gabe. Bera hilketa baten arduradun izateaz salatu zuten, frogarik gabe. Baina ezin izan zuen defendatu bere burua, ez baitzekien gazteleraz eta abokatu bat edukitzeko ez zuen dirurik. Verakruzen izan ziren adierazpen hartzeak eta epaiketa, baina ez zuen ulertzen epaileek eta fiskalak ziotena, ezta hauek ere berak esaten zuena. Nahiz eta itzultzailea izan, alperrik, Verakruzen zegoenez nauhalteko itzultzailea jarri zioten eta bera tzotzilez mintzo da. Surrealista da oso Mexiko. Edo gure lagun Alex estatubatuarrak dioenez, "Realismo Magikoa" eguneroko ogia da Mexikon. 29 urteko espetxe zigorratik 15 urte beteta dauzka jadanik.

Beraz Alejandro ez da "preso politikoa". Baina bai "politizatutako presoa". Patishtanen lanari esker espetxeetako preso arrunt batzuk politikoak bihurtzen ari dira. Kuttuna du Alejandro Alberto Patishtanek. Urriaren azken egunean askatasuna lortu orduko, Alejandrorentzat izan ziren Albertoren hasieretako hitzak. Bere askatasuna exijitu zuen prentsaren aurrean.



Alejandrok Alberto Patishtanekin izandako anekdota eta pasadizo asko kontatu dizkigu. Berak ez zekien gazteleraz eta Albertori esker hasi zen espetxean ikasten. "Si no aprendes no vas a poder defenderte" edo berak behin esan omen zion ezin zuela hainbeste arazoei aurre egin eta Albertok esan zion: "Donde no hay problemas es en el cielo. O sea, que tú decides si ir al cielo o quedarte aquí en la tierra y enfrentarlos".
Uztailean taldeko 9 kide askatu zituztenetik Patishtan eta bera bakarrik geratu ziren San Cristobaleko espetxe honetan. Alberto berehala hasi zitzaion presionatzen ardura gehiago har zezan. Taldeko ixilena zen Alejandro eta besteen babesean zegoen beti baina orain azkar ikasi beharko zuen bakarrik defendatzen. Horixe pentsatu zuen Albertok eta hiru hilabetetan trago txar batzuk pasarazi dizkio. Zuzendariarekin hitzegitera behartu, baita prentsako kazetariekin ere, edo komunikatuak eta instantziak eginarazi ere. Aurreikusten zuen Albertok agian bera gabe geratu zitekeela eta azkar prestatu behar zuen horretarako.

"Irailaren 24ean, liburu baten aurkezpena zegoen hemen, toki honetan. Liburu hortan 20 presoren testigantzak azaltzen dira, Albertorena tartean. Berak bi egun lehenago esan zidan nik egin behar nuela aurkezpenaren sarrera eta gero berak jarraituko zuela. Bezperan ez nuen lorik egin, gau osoa esan behar nuenaren inguruan pentsatzen pasa nuen. Eguna iritsi eta hasi nintzenean Alberto altxa egin zen bisita batzuren aitzakian eta hor utzi ninduen bakarrik ordubetez edo. Nik eztakit nola egin nuen baina bera berriz azaldu arte hor jarraitu nuen hizketan jende mordoaren aurrean. Gaur, ez daukat hitzik nigatik egin duena eskertzeko."

Orain, Patishtan joan denetik, Alejandrok bi komunikatu (1) , (2)  atera ditu prentsarako eta hainbat alditan izan ditu elkarrizketak kartzelako agintariekin bertako presoen eskubideak defendatzeko. Izan ere, azkenaldian, telefono linearik gabe daude eta ezin dute kanpokoekin hitzegin, argindarra ere murriztu diete eta ura egunean 20 minututako bost alditik hirura  jaitsi diete. Berak emandako "latari" esker, orain argindarra denbora luzeagoan edukitzeko eskubidea lortu dute. Eta ez gizonezkoen aldean bakarrik, berak "guztientzat borrokatzen baitu". Izan ere, lehen emakumeek ez zuten argindarrerako eskubiderik, orain zerbait bai.

Kontzientzia politiko handiko presoa da gaur egun Alejandro eta Fredi ere bidean doa, pausu onez. Arratsaldeko 3etan besarkada eta musu bana eman eta laister arte esanez agurtu gara, hemen gauden bitartean gehiagotan bisitatuko ditugunaren zalantzarik ez baitugu. Bestalde, gure animo handienak Patishtani, orain DF-ko ospitalean baitago radioterapia hartzen. Diotenez, azaro amaieraldean edo abenduan
egingo zaio ongietorria; ea gu ere bertan garen.


iruzkinik ez: