Actealen (Chenaló-Chiapas) 1997ko abenduaren 22an paramilitarrek 45 pertsona akatu eta ehundik gora zauritu utzi zituzten zazpi ordu iraun zuen ekintza kriminalean. Actealeko ermitan eman zen jazoera lazgarritik 200 metrora zeuden Polizia Federalekoak ez ziren mugitu bere tokitik. Gaur bertan urtero eroritakoen omenez egiten den martxa eta ekitaldian izan gara. Gaur egun toki hau sakratua da beraientzat eta ez dute atsedenik izango krimenaren arduradun politiko eta intelektualen inpunitatearekin amaitu arte. Garbi baitago dauden frogekin Chiapas eta Mexikoko ardunadun politiko gorenen babesa eta bultzada izan zuela ekintza hark: armen banaketa, entrenamendu militarrak, poliziaren inhibizioa eta garaian Mexikoko gobernuak zeraman estrategia paramilitarra (gaur egun ere, baina intentsitate bajuago batekin eta politika asistentzialekin osatua) EZLNren gorakada poitikoa gelditzea zuen helburu. Arduradun hauek epaitu gabe jarraitzen dute, are gehiago, ardura politiko garrantzitsuak dituzte gaur egun ere.
Goizeko 5etan ohetik jaiki eta abiatu ginen San Cristobaletik. Zortziretan Actealetik 3 kilometrora dagoen San Pedro Polhórako bidegurutzean geunden. Han bertan, harrobia dago, eta gobernuak harrobiaren jabetza eta esplotazioaren inguruan zapatisten eta partidisten artean sortutako gatazka erabili zuen, besteren artean, ekintza hura azaltzeko. 9etan, San Cristobaleko artzapezpikua buruan jarrita, hasi zen martxa eta 10etan ekitaldia hasi zen 45 pertsona hauen eroritako lekuan eraiki zen plaza sakratuan. "Las Abejas de Acteal" deitutako erakunde zibilak antolatzen dute urtero ekitaldia eta beraiek irakurritako komunikatu osoa entzun dezakezue egin dugun bideoan, bertako irudiekin batera.

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina