2014/01/14

Aurrera goaz

Urteberria, martxa berria. Ziklo bat bukatu beste bat hasteko. Horrelaxe da. Eta denbora azkar doa, ia ohartu gabe lau hilabete joan zaizkigu. Gure denboraren lehen heren honetan bi helburu genituen (Kuba eta Chiapas) eta horiek beteta hurrengo herenerako helburuak edo helmugak finkatzeko ordua iritsi zaigu. Eta hasi gara horiek finkatzen eta helburu horien arabera gure norabidea eta erritmoa egokitzen.                                                       Ertamerika ez da oso handia baina denbora mugatua denean aukeratu egin behar da. Eta Nicaragua aukeratu dugu patxada pixkatekin disfrutatzeko. Geroxeago (martxorako gustatuko litzaiguke egotea) Venezuela. Martxoaren 5ean beteko baita Chavezen heriotzaren lehenengo urteurrena. Hor gure bidaiaren bigarren herenaren herrialde aukeratuak.
Beraz urtarrilaren 5ean bizikletei hautsak kendu eta hor abiatu gara Nikaraguaruntz.

GUATEMALA
San Cristobal Toto izan da abiapuntua hanketako giharrak frogan jartzeko berriz ere. Hor, Carles edo Carlos El Gringo bezala bailara horretan ezaguna den judutar estatubatuarraren etxean utzi baigenituen bizikletak Atitlan lakura joan ginenean. Eta bide xamurrena, ustez, aukeratu genuen Nikaraguaruntz abiatzeko, Pazifikoko kostaldeko errepidea. Ustez diogu, ze denak ditu bi alde, eta txanpona  osorik eraman behar duzu. San Cristobaleko azken gaueko termometroa 0 gradutik gertu egon bazen ere, handik atera eta bizpairu  orduz pedalei ia eman gabe pasa  eta gero, goizeko 11k aldera erropa guztia sobran genuela konturatu ginen termometroa 30era hurbiltzen ari zen eta Kuba etorri zitzaigun gogora. 

Kamiolari guatemaldarren blokeoa El Salvadorreko mugan zerga berriaren aurka
Guatemala ezagutu ondoren ez dugu uste Guatepeor ezagutuko dugunik. Ez bidaia honetan behintzat. Gogorra egin zaigu herrialde hau, tristura eta samina sentitzen duzu askotan eta gauza dexente nahasten dira koktela jasanezina egin arte, politika neoliberal basatiak nahi duena egiten ez baitago herri erantzunik, erlijio azoka hortik bazkatzen, bertakoen akulturizazio azkarra, pobrezia, alkoholmenpekotasuna, zikinkeria, armak toki guztietatik (kuriosoa zebait tokitan ikusi ditugun kartelak: "deposite su arma en la taquilla") ...Eta hori baieztatzeko edozein hiri, herri edo mendi auzotik bueltaxka bat egitea nahikoa duzu. Noski Atitlan, Antigua edo holako turismo negozioak aparte utzita. 


San Cristobal Totoko merkatuaren ondoko panorama
Garunean iltzatuta daukagu mutil gazte baten irudia San Cristobal Totoko merkatuaren inguruan,hiru aldiz izan gara bospasei egunez, eta beti hor ikusi dugu merkatuaren basura piloaren tartean, kalearen ertzean zerbait jateko bilatzen hogei bat kale txakurren tartean. Galtza zahar puskatu eta zikinak belaunetaraino erorita, begirada galdua, mugimendu motelak. Azken irudia basura tartean etzanda zegoela hartu genuen, jendea hara eta hona eta erreakziorik ez. Hor beste kale txakur bat besterik ikusten ez duen gizartea nola izendatu daiteke? Tristea.

Horri gehitzen badiozu zugan jartzen diren begiradak, askotan eta askotan nabaritzen duzun etsaitasun mezua (herri handi eta hirietan gertatzen dira holakoak gehienetan), ondorioa berehala ateratzen duzu. Behin baino gehiagotan gertatu zaigu hori Guatemalan. Zer galdu zait niri hemen esan eta ospa. 

Antigua



EL SALVADOR

Iritsi gara aduanara eta pasaporteen tramiteak egiten ari garela, aduana guztietan funtzionarioarekin antzeko elkarrizketa bera izaten dugu. Gomendio bat luzatzen digu oraingoan, "no les recomiendo que pasen por San Salvador, es peligroso". Bagenekien hori, baina ez dugu planik aldatuko horregatik. Baztertuta genuen aurretik aukera hori baina ez berak aipatutako arrisku motagatik. Hiri handiak ez dira batere erosoak bizikletekin bisitatzeko ( La Habana izan daiteke salbuespena. Bai, onartzen dugu Kubakin maitemindu ginen), gainera gure ibilbidea aurretik finkatuta genekarren, eta ez zen hortik pasatzen. 

Beraz, El Salvadorreko marra zapaldu eta "Marak" entzuten dugu berehala. Gure lagun txirrindulari poloniarrak gure aurretik doa eta bere blogean (orain gaztelaniaz ere hasi da idazten) aipatzen du bere esperientzia El Salvadorren, hilketak, lapurretak... Hori da kontatzen dizutena eta TBn ikusten duzuna. Baina zer nahi duzue esatea? Guatemalatik etorrita, El Salvadorrek arnasberritu gaitu. Jendea abegi onez hartzen zaitu, solaserako prest dago eta  gainera errepideen zabalerak lasai joatea ahalbidetzen dizu.
Marak: Edo "Pandillak". Fenomeno urbanoa, auzo marjinatuetan osatutako gazteen kuadrilak, biolentzia basatiaren bitartez auzo horietan kontrola eta boterea lortzen dutenak. Horra definizio orokorra eta ofiziala. Harrigarria El Salvadorrera sartu aurretik Guatemalako egunkari batean irakurri genuena Venezuelan aktoresa ezagun baten hilketaren harira. Munduko herrialde arriskutsuenen Ranking-a : 1. El Salvador, 2. Honduras eta 3. Venezuela, kasualitatea ote? Lehenengo biak orain zeharkatuko ditugu eta geroxeago joango gara Venezuelara. Ez dakigu zer irizpideren arabera eta nork egiten dituen sailkapen hauek, dakiguna da gaur egun, Amerika Latinoa munduko xake partidan AEBen interesentzat pieza arriskutsua bihurtzen ari dela eta AEBk direla munduarentzat arriskuaren txapeldunak. 
Azukre kaña mozten

Lehendakaritzarako kanpainan murgilduta daude El Salvadorren. Otsailaren 2an izango da lehenengo buelta. Bost urte egon da FMLN gobernuan eta oraingo inkestek bera azaltzen dute bozkatuena %30rekin, gero zentro eskubiko Unidad 26kin eta ARENA ultra eskubia 25kin. Kalean ikusten dena FMLN eta ARENAko jarraitzaleak dira kartelak, banderolak eta megafoniarekin. Etxe askotan ere identifikatzen dira bata edo bestearen alde banderak jarriz, eta nagusi dira aipatutako bi alderdi horiek.
ARENAren lelo nagusia segurtasuna da, hau da krimenaren aurkako borroka. Horretarako legedi militarra ezartzea da irtenbidea. Horrek "heriotz zigorra" ezartzea ekarriko luke. AEBen eredua esango genuke.
FMLN-k berriz, azken bost urte hauetako lanean sakontzea du ardatz. Jende xehearentzat laguntzak, azpiegituren garapena (ur eta argindarraren hornidurak), gizarte programak, hezkuntza etabar. 

Anekdota bitxia bizi izan dugu egun hauetako batean. Iluntzen ari zela iritsi ginen "La Perla" kostako auzora gaua pasatzeko tokiaren bila. "se alquila cuarto" kartela etxe batean ikusi eta galdetu eta gero, beraiek etxearen zaintzaileak zirela eta nagusiari deitzen diote. Gau bat pasatzeko arazorik ez dagoela baina gauean " marinba" egongo dala jardinean, ea ez zaigun axola. Guri bost.           Laister dator jabea. Houston-en bizi den bertako herritarra, bi asteko oporrak pasa eta gero biharamunean AEBra doa berriro eta agur moduan antolatu diote festatxoa. Berak kontatzen digu Udaleko alkatea eta marinba taldea datozela ere agurtzea. Joño! diogu gurekiko, hau ez dek edonor izango. 


La Perla herria kostako ohianean 

Ilunabarrak, egunaren une atseginenak

Herrian mokau bat egin eta gero lotarako ideiarekin bueltatzen garenean jabeak alkatea aurkezten digu. Bere taldearekin eseritzen gara zerbeza bana eskuetan dugula berehala. Ordu erditxo bat edo egoten gara hizketan berarekin, biharamunean goizo jaiki behar duela eta lana duela dio, joan aurretik. ARENAkoa da alkatea eta nabaritzen zaio. Lau urte darama karguan eta beste bi dauzka aurretik. Berriz aurkezteko den galdetuta "noski" dio. Asko pertsonalizatzen du egiten duena, dena  herriaren alde baina era asistentzialistan, berak herriari mesedea egingo balio bezala. En fin, ezaguna estiloa gure Euskal Herrian ere. Estatuko hauteskundeen inguruan ere mintzatzen gara eta FMLNko hautagairengatik "antiguo jefe guerrillero" dio. Ño! bera ni bezela tanteatzen ari da eta zuhurtziaz hitzegiten du bazpaere, ez du terrorista aipatu. Guri azkenean zalantza bat geratzen zaigu, nork du hemen botere eta eragin gehiago, alkateak edota Housteneko morroiak?

3 iruzkin:

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Houstoneko morroiak seguru!

Euskalherritik:
Joxelu San Sebastian

Pello eta Malen erabiltzaileak esan du...

Aspaldiko! Susmo hori hartu nitxion nik ere.
Zaindu!

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Aupa bikote:

Jode!!!zuen postaren zain eta irakurri eta aho bete hortz lagatzen nazue, bapo zabiltzate eta dagoeneko tokian tokiko "kasta"rekin ere harremanetan hasi zeate...jajajaja.
Hi,Pello, aprobetxatzen diat mezu hau aurretik idatzi duen Oriyoko mutil gazte hori agurtzeko,gaur egun hola dek komunikazioa gu gazteon artean, eskualde berdinean bizi eta hertamerikatik buelta agurtu behar.....jajaja.

Bueno, zaitu zaitezte eta aprobetxa.....
Igor