2014/01/03

Karakolak, mantso baina sendo

Chiapasera ere iritsi zaizkigu gabonak, eta ez edonola. Aurten, gure Olentzero ezin hobeto portatu baitzaigu, egin zezakeen oparirik ederrena egin digulako: "Askatasunaren eskolatxoa, zapatisten arabera".                                                       Abenduaren 24ean hasi zen gure abentura. Zapatistek guztira bost "karakol" dituzte (autogobernuko eskualdeko guneak). Guri "La Garrucha" tokatu zitzaigunez, Tzeltal Ohiana, haruntz abiatu ginen beste hainbat ikaslerekin (400 bat) San Cristobaletik. 

Behin iritsita, sei orduko bidaiaren ondoren, txalo, musika, kantu eta ohiu politikoen artean egin ziguten harrera. Zain geneuzkan hurrengo egunetan gure laguntzaile, "guardiana", "botana"... gutako bakoitzaren "itzala" izango zena. Bost egunetan, gau ta egun, denbora guztian gure aldamenean izango genuen, gure galderak eta zalantzak argitzeko.  
Hurrengo egunean, hiru bat orduko saioa izan genuen, guztira 800en bat pertsona bilduta, karakoleko "areto" nagusian. Gaia: "Construyendo la autonomia". Hiru gobernu maila dituzte (1- Bases de apoyo edo herrixkak, 2- MAREZ edo Municipios Autonomos Rebeldes, gurean eskualdeak direnak edo, eta 3- Karakolak edo, gurean, herrialdeak izan daitezkeenak. Baina agintzen duena herria bera da, "Mandar Obedeciendo" 7 oinarri etikoekin autoagintzen dena. Honetaz gain, beraien autonomia hainbat arlotan antolatzen da: hezkuntza, osasuna, agroekologia... era kolektiboan, kooperatiben bidez antolatu, gizon eta emakumeen artean. 

Eguzkia mendien atzean zegoenean iritsi ginen "17 de noviembre" herri autonomora. Herrixka gaztea da, ez bertan bizi diren biztaleengatik, baizik eta bi urte besterik ez baitira pasa 13 familia etorri zirenetik eta herria sortu zutenetik. Lur hauek zapatistek berreskuratu zituzten 1994ean. Hau da zapatistek gobernu maltzurraren aurrean 20 urte hauetan daramaten bidea, erresistentzia eta lurraren defentsa                                                                             Ez daukagu hitzik aste honetan eman diguten guztia deskribatzeko. Beraiek duten gutxi hori guretzat asko izan da; beraien harrera, eskeini digutena... momentu bakoitza barruan gorde dugu.

Honen adibidea, herrixkara iristean zein joateko ordua iritsi zitzaigunean, egin zizkiguten harrera eta agurrak dira: herri guztia (50 lagunetik gora) zegoen gure zain, haur, gazte, emakume, gizon zein zahar... Pellok eta biok geure burua aurkeztu genuen eta segidan arroz-esnea gailetekin eman ziguten. Agurra hunkigarriagoa izan zen, malko eta guzti tarteko. Euskal Herriko egoeraren berri eman genien, ta aldiberean, hemen ikasitakoa gure herrira eramateko ardura hartu genuen beraien aurrean. Ondoren herri guztiak zapatisten ereserkia abestu ziguten eta gure etorrera eskertu, euskal presoen eta EZLNren banderak eskuetan genituela. "Viva" batzuk ohikatuz eman genion amaiera ordubeteko ekitaldiari. "Vivan los pueblos en lucha"..."Viva" zioen herriak. 


Garbi ikusi dugu nola dauden antolatuta herriz herri. Egun hauetan beraien lan kolektiboetan parte hartu dugu: kafea bildu, aletu, lehortu, tostatu...edan! Beraiek kafea saldu egiten dute eta ateratako diruarekin herriko arduradun ezberdinen bileren bidaiak ordaintzeko erabiltzen dute adibidez. Herritik herriarentzat.





Emakumeek eraberean bi lan kolektibo dituzte, oilategia eta txerrien hazkuntza. Nire botanarekin joan nintzen hauei bazka ematera. Sei bat hilabete behar omen du txita batek oilo bihurtzeko. Honetaz gain, platanal eta txile soroan lan egin dugu (garbitu, prestatu,) atxurrarekin. 






Beste behin, herriko hezkuntza eta osasuneko (orokorra, huesera, partera, hierbera) promotoreekin hitzegiteko aukera izan genuen. Botiken aurrean, belarrei ematen diete lehentasuna, emakumeek etxean erditzen dute emagin honen laguntza dutela...Arbasoen jakintza bizirik dirau lurralde hauetan.



Ikusi duguna da, nahiz eta lantzen ari diren, emakumeak oraindik koxka bat beherago daudela.Nire familian goizeko 4:30etan jaikitzen ginen sukaldean tortillitak egitera. Ondoren gosari, bazkari, afariak ere prestatzen genituen. Haurrak ere gure ardura ziren. Etxeko senarra berriz, gainerako gizonekin kanpoko lanak egitera joaten zen. Pelloren experientzia ere antzekoa izan da. Hala ere, lehen egoera okerragoa zela ia ziur gaude eta aurrerapausu handia ematen ari dira, egoera hau ez baita gauetik egunera aldatuko. Emakumeek gero eta ardura gehiago dituzte bizitza sozialean eta aspaldi da, jada, bere "Emakumeen Lege Iraultzailea" lantzen eta betearazten ari direla. 


Hitz, keinu, irrifarre, malko, elkarrizketa, kantu, sentipen ugari eraman dute denboraren erritmoa egun hauetan. Zapatistek emandako 4 aldizkari eta 2 bideoetan laburbiltzen da beraien ibilbidearen zati bat (bigarren mailako ikastaroa aurten izango baita) baina ez liburu, ez unibertsitate, ez teoriek...ez digute erakutsitako komunitateak eta praktikak irakatsi diguten bezain ondo.

Beraiek dioten moduan "komunitatea bera da daukagun libururik onena".



HIZTEGI LABURRA

Ikasleak: Toki askotatik etorri dira, Chiapas, Mexico DF, Veracruz, Oaxaca. Guerrero, Tlaxcala,Yucatan, Cancun, (hauek denak  mexikarrak) Kolonbia, Brasil. Argentina, Estatu Batuak, Alakant, Bartzelona, Madrid, Zaragoza,  Onintza donostiarra  (abuztuan Donostian bertan ezagutu genuena), Erriberako neska euskalduna, Frantzia, Alemania, Italia, Grecia...aipatutako hauekin guztiekin egon gara hizketan luzeago edo laburrago.

Botana edo Zaindaria: Nik "itzala" deituko nieke. Gau ta egun zure ondoan. Ez pentsa, lo egiteko ere 90zm zabalerako "ohe" berdinean  egiten genuen. Elkarrekin oheratu, elkarrekin jaiki. gauean pixagurea izanez gero, han laguntzen zidan.

Paliakatea eta "PasamontaƱa": horrela ibiltzen direla uzten badezue oker zaudete. Horiek bakarrik argazki kamerak martxan daudenean jartzen dituzte. Segurtasunagatik ta identitate kolektiboa adierazteko. Bestela ezin zaie argazkirik atera, eta denok errespetatzen dugu arau hori. Horien azpian dauden aurpegiak ezagutu ditugu. Herritar xumeak, militante konbentzituak.

Urte Zaharra eta altxamenduaren XX. urteurrena: Mexicon gaueko 11k zirenean heldu zen urteberria zapatisten lurraldeetara. Guk "La Realidad" karakola hautatu genuen ospatzeko ta ezustean harrapatu gintuen urteberriaren hasiera.Gure ordulariak ordu partidista markatzen zuen. Horrela jakin genuen zapatisten ordua aurretik doala.

Militarren kuartelak eta bijilantzia postuak: Ugari ikusi ditugu, toki estratejikoetan kokatuak daude. Ez dute ageriko eraso edo enbarazu egiten gaur egun,  baina hor daude, begira beti, ez dira joaten.

Txofer zapatistak: Askok ez dute gida baimenik. Duela gutxi nire zaindaria zihoan kamioneta geratu eta karneta eskatuta horrela erantzun zion txoferrak: "no tengo documentos del mal gobierno, somos bases de apoyo zapatistas". Militarrak: "adelante pues". 

Gabonak: harritu gaitu ikusteak zapatistentzat egun hauek ez direla bereziak. Beste guztiak bezelaxe izan dira, aipamen edo ospakizunik ez. Erlijioa ez da aipatzen, nahiz eta errespetatzen den bakoitzarena, baina pribatuan daramaten zerbait da.


Infiltratuak: Zapatisten altxamenduaren  urteurrena ospatzera mundu guztia gonbidatu zuten, salbuespen bakarrarekin: kazetariak. La Realidaden 3 kazetari ofizialista topatu zituzten izkutuan argazkiak ateratzen. Guztiak ezabatu eta ateraino "lagundu" zieten. Bazekiten gutako bakoitza "kazetari potentzial" ginela baina kazetari zapatistak.
Militantzia:
La Realidadetik San Cristobalera azken ikasleen (60 bat) karabanan irten ginen hilaren batean. 9 edota 10 bat ordutan egiten den bidea. Denbora horretan geldialdiak egiten dira kamioneten arazo mekanikoengatik. Ba kasu honetan guztion motxilak zeramana ezin izan zuten konpondu. Ba dator alderantzizkoi norantzatik kamioneta bat. Gerarazi ta "konpa" bat da. Arazoa konponduta. Buelta eman, motxilak igo ta aurrera. Hori bai, gasolina jarriko diote.



ONDORIOA 

Gauza asko dira aipatu daitezkeenak zapatismoaren inguruan. Egun hauetan, irakurrita genekarrena errealitatearekin erkatzeko zortea izan dugu. Eta bai, zapatistek ez dute gezurrik esaten. Garrantzia handia du beraientzat zintzoa izatea. Gaizki egin dezakezu, okertu zaitezke, baina inoiz ezin dezakezu gezurrik esan.
Blog honetan geuk bizitakotik bizpairu ondorio orokor besterik ez ditugu aipatuko. (Zuek beste edozeren inguruan expreski galdetuz gero saiatuko ginateke erantzuten).
Bere testuinguruan ulertu behar da zapatismoa, dena bezala, Mexicoko eskalan jarrita lurralde txiki bat besterik ez. Tamainaz txikia, baina lantzen duten ideia nagusia (autonomia) mundura zabaltzen asmatu dutenak.

Zapatisten artean koherentzia da aipatzeko beste ezaugarri bat. Ez dago alderik teoria  eta praktikaren artean, esaten dena eta egiten denaren artean, borrokaren eta bizitzaren artean. Gauza bera da.
Lurra da elementurik nagusiena (guk hori ahaztu egin dugu) bera da bizitza ematen diguna eta mantentzen gaituena, Amalurra. Berak jaten ematen digu, irakasten digu, sendatzen gaitu...
Kontraesanak ere badituzte, noski, baina badakite hori. Batzuk oso sustraiturik daude, mendeetatik hor daudelako. Baina beraiek barraskilo xumeak besterik ez dira, eta horregatik diote: "lento, pero avanzo".


Herriko "kale" bat

Malenen familiako sukaldea

Chayote

Herriko sarrera

Mexikoko "al ratito"-k  gutxienez 2 ordu esan nahi du

Oihana

Non dago segurtasun uhala?

Herri gaztea zapatistena

Eskuelitako testu-liburuak

Ikasle txartela

Atzetik

Bazkaltzeko oiloa hil genuen

Oilo-salda berdurekin

2 iruzkin:

Meli erabiltzaileak esan du...

Gustora jarraitzen dut zuen bira, eta pizkanaka ulertzen zapatizten burruka,jendea desberdina baina askatasun gosea lurralde guztietan berdina, ezango nuke;Atentzioa deitzen zidan tapatuta nola ibiltzen diran, orain ulertzen dut horren zergaitia, argazkiak ederrak dira ondo adiraztendute horko biziera, bere zailtazun guztiekin, Maialen... oso ederra ikusten zera.

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Kaixo bikote!

Nohizbehinka ni ere zuen txoko honetan sartzen naiz eta jarraitzen ditut zuen ibilbideak. Guk hemen jarraitzen dugu gure eskolako "komunitatean" animo eta laister arte!

Joxelu San Sebastian